Bartzelonako Carlos Mô klowna oso ezaguna egin da aspaldian. Bere bigarren ikuskizuna den "Mal parto me raya (me atormenta a una vecina)"-k 2 urte pasatxo egin ditu Bartzelonako antzoki baten.
Ikuskizun hori bera eramango du Eskoriatzara, HUHEZIko aretora, hilaren 9an, 22:30ean.
Mô aurretik hainbat taldetan ibilia da: Match talde esperimentalean, Mohouse klown taldean eta abar. Ia kasualitatez, behin batean bakarrik igo zen taula gainera, eta ordutik ez da berriro taldean aritu.
Mô-ren gainean esan dute umore adimentsua, absurdua eta surrealista lantzen duela. "Ez dakit nire umorea zelan definitu. Nik neurea egiten dut. Txiste korapilatsuak, hitz jokoak eta bestelakoak egiten ditut. Ondo egindako umore guztiak adimentsuak direla uste dut. Bestalde, nik txorakeria asko egiten eta esaten ditut; niri ez zait absurdua iruditzen" diozku barrezka.