Bolibarko bidea atzotik, eguena, moztea zen helburua, eta jakinarazi dutenez hiru bat astez egongo da itxita. Modu horretan, San Juan kalea batetik eta Aingeru Guarda eta Sorautz bitarteko bidegorria bestetik batzen dituen puntuan lan bereziak egiten hasiak dira dagoeneko.
Arrazoia da San Juan kalea konpontzen duten bitartean, bidegorriko tramuari dagokion zatia ere egitea, puntu berean denbora laburrean lanak birritan ez egitearren. Udalak lan hori aurreratzeko eskatu zion Aldundiari, eta azken horrek onartu egin zuen. Hortaz, Sukia enpresak egingo du lan hori eta Aldundiak osorik finantzatuko du.
Bolibarrera bide alternatiboa
Bitartean, Bolibar auzora gora eta behera egiteko bide alternatiboa jarri berri dute, hainbat aukera aztertu ondoren. Hain zuzen ere, San Juan kalea itxita, bidea bi noranzkoetan guztiz oztopatuta egongo litzateke, eta horri irtenbidea eman gura izan diote. Astelehen honetan bukatu dute bide alternatiboa, eta dagoeneko erabilgarri dago.
Garajeak urez bete
San Juan kaleko eta Aingeru Guarda-Sorautz tramuko lanekin lotuta, astelehenean inguru horretan lanean zebilen makina hondeatzaile batek ur hornidurako hodi bat jo eta zulatu egin zuen. Horrek uholde txiki bat eragin zuen Hidalga kalearen atzealdean. Urak gainezka egin zuen, eta ingurune horretako hainbat garaje urez bete zituen.