Joan den domekan 20 lagunek inguruk Aranguren mendira egindako irteeraren ondoren, beste ekimen bat du gertu Aitzorrotz kultura elkarteak: zapatuan, kontzertua eskainiko du Bitter Honey taldeak Inkernu tabernaren kanpoaldeko plazan, 19:30ean.
Arrasateko taldeak Songs of love & destruction diskoa aurkeztuko du Eskoriatzan. Lan horretako zenbait kantu joko du laukoteak, hard rockaren bidetik.
Aitzorrotz kultura eguna
Bestalde, elkarteak jakinarazi du aurten maiatzaren 8an egingo dutela Aitzorrotz kultura eguna. Antolatzaileek aipatu dute dagoeneko salgai daudela egun horretako herri bazkarirako txartelak. Aldatzen, Gozo Txikin eta Inkernun eskura daitezke horiek, 15 euroren truke. Baba-jana egingo dute aurten. Horrekin batera, Aitzorrotzetik azaldu dute bezperan, maiatzaren 7an, kontzertu sorpresa egongo dela Inkernu tabernan, 23:00etan.