Biomasa galdara jartzen dihardute egunotan kultura etxean

Mirian Biteri 2009ko ots. 9a, 12:10
Azken egunotan berogailu barik izan dira kultura etxean, energia berriztagarriak erabiltzen dituen galdara berria ipintzen dihardutelako. Aspaldiko gasoliodun biltegia kendu dute eta pelletak erabiltzen dituen galdara jarri dute. Udalak aste honetan martxan jarri ahal izatea espero du.

 

Pellet egurraren hondakinetatik lortzen da, hala nola, inausketa hondarretatik edo baso garbiketetan ateratako egurretik.  Guztia jaso, ondo lehortu eta prentsatu ostean, pelletak sortzen dira, beroa sortzeko zuzenean galdaratan erreko direnak.

Euskal Herrian eraikin publikoetan jarri den bakanetakoa da esandako galdara hori. Orain arte gasoliodun galdara zegoen kultura etxean. Udala aspaldikoa zela eta berrikuntza baten beharra zuela jabetu zen. Hortaz, gaur egun merkatuan dauden sistemak aztertu zituen eta biomasako galdara jartzea erabaki du.

Galdara berri horren aldeko apustua egin nahi izan da, esan bezala, energia berriztagarria delako; orain arteko erregaia baino garbiagoa dena eta prezio egonkorragoa duena.

Energia berriztagarriak

Udalak, oraingoz, kultur etxean bakarrik ipiniko du, baina aurrerantzean udal eraikinetan berokuntza sistemak aldatzea tokatuz gero, energia berriztagarrien aldeko apustua egingo du. Galdara hori jartzeko, Jaurlaritzako Justizia eta Industria sailei eta Energiaren Euskal Erakundeari eskatuko zaie diru laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak