Biomasa energia ibiliko duen galdara jarriko dute kultura etxean

Iker Barandiaran 2008ko urriaren 20a

Kultura etxean kalefakzioa eta ur beroa izateko galdara bat dago aspalditik, gasolioarekin lan egiten duen galdara bat. Gasolioko galdara kendu eta pelleta erabiltzen duen berria jarriko dute.

Udaleko Ingurumen arduradunek jakinarazi dute kultura etxeko galdara zaharkitua dagoela eta ez duela behar den moduan lan egiten. Horregatik, galdara aldatzea proposatu zuten; eta bide batez, bestelako galdara bat jartzea, eraginkorragoa izango dena eta erregai gutxiago kontsumituko duena. Gaur egungoa ordezkatuko duen galdara berriak erretiratuen taberna eta elkartea, Udaleko Gazte Zerbitzua, kultura etxea eta udaleko beste alor batzuetan emango du zerbitzua. Udalak erabili beharreko erregaia biomasa energia izatea aukeratu du, hainbeste kutsatzen ez duelako eta kontsumoa ere txikiagoa duelako.

Egurraren hondakinak

Azkenean, biomasako aukeren artean Udalak apropostzat hartu du pelleta erregai erabiltzen duen galdara erostea.

Pelleta egur hondakinekin egiten dute, sobratzen den egur errautsa prentsatu ondoren.  Adituek azaldutakoaren arabera, erregai horrek emisio txikiagoak ditu, kontsumoa ere baxuagoa da eta sortzen duen CO2a zuhaitzek neutralizatu egiten dute. Hortaz, energia garbien alde lan egiten duten hainbat erakundek horren erabilpena gomendatzen dute.

Udalaren asmoa da galdara lehenbailehen jartzea, orain artekoa desegokia delako eta ez duelako lana ondo egiten. Dagoeneko, hori eskuratzea onartuta dagoen arren, hainbat pauso eman behar dituzte.

Ihoberi kontsulta egitea

Udaleko Ingurumen Saileko arduradunek azaldu digutenez, galdararen erosketa lehiaketa publikora aterako dute laster. Baina, horren aurretik, IHOBEra jo dute hainbat kontsulta egiteko. Horren arrazoia da lehiaketa publikoaren pleguan ingurumen baldintza batzuk ezarri gura dituztela, eta horien gaineko azalpenak IHOBEk emango dizkiela.

Ingurumen baldintzak ezarri eta gero, galdara kontratatzeko prozedura abian jarriko dute. Hain zuzen ere, Udalaren asmoa da aurten galdara ordezkatu eta berria lanean jartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak