Bioeraikuntzaren gaineko azoka, asteburuan frontoian

Iker Barandiaran 2008ko azaroaren 18a

Zapatuan eta domekan bioeraikuntzaren gaineko azoka jarriko dute pilotalekuan. Zapatuan goizez eta arratsaldez egongo da zabalik; eta domekan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. Azoka horrekin bukaera emango diote Udalak antolatutako ingurumenaren gaineko zikloari.

Hiriburuetan gero eta gehiago entzuten badira ere, orain arte Debagoienean ezohikoa izan da bioeraikuntza edo eraikuntza jasangarriaren gaineko azokak egitea. Kontuak kontu, Udalak 11 enpresa eramango ditu asteburuan pilotalekura.
Markinako Primateria eta Altsasuko Biohaus enpresek, esaterako, eraikuntzako materiala eramango dute azokara; Arcilandek, berriz, egurrezko eraikuntzak lantzen ditu. Baina, alor asko ukituko dituzte gonbidatutako enpresek: hala, Energial, Arrasateko Solartecnik eta Aguraingo Kapelbik, besteak beste, biomasako galdarak martxan jarriko dituzte azokan.

Bestelako energiak

Eguzki plakak ere ez dira faltako, jakina. Horietaz gehiago jakiteko, nahikoa izango da Bergarako Alet edota Gasteizko Taer Solar enpresen standetara hurbiltzea.
Bestalde, Ermuako SEA (Soluciones Energeticas Alternativas) enpresak energia alternatiboak lantzen ditu; eta geotermia zer den eta horretaz baliatuta zer egin daitekeen ere jakin ahal izango da Zornotzako Hilson Nascimiento enpresarekin: lurraren berotasuna baliatzen dute etxea berotzeko. 
Gainera, Arrasateko Ekobai enpresak ere esku hartuko du. Ekobaikoek material informatikoa birziklatu egiten dute.

Taloak, Amuskakoen eskutik

Antolatzaileen esanetan, azoka tamaina ertainekoa izango da, eta hala, aukera emango du stand bakoitzeko produktuak ondo ikusi eta ulertzeko, "guztiok asko dugu-eta ikasteko". Are gehiago, Udaleko ordezkariek azaldu dute "gure eskutan ere gauza asko daudela egiteko, etxea berritzerako orduan edota etxean bestelako gailuak jartzerakoan".
Erosteko eta ikusteko produktu ugari izateaz gain, Aragoiko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Udalari utzitako panelak ere ikusgai egongo dira; bioeraikuntzaren gainekoak izango dira.
Eta, azokari bestelako ukitua emateko, Amuska emakumeen elkartekoek taloak egingo dituzte domeka goizean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak