Bioeraikuntzaren feriak herritarren interesa piztu du

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko azaroaren 23a

Antolatzaileak pozik daude helburua bete dutelako: jendeak eraikuntza jasangarria zer den eta horretarako ze aukera dauden jakitea.

Euskal Herriko 11 enpresa espezializatuk hartu dute parte asteburuan Eskoriatzako frontoian egin duten bioeraikuntza ferian. Eraikuntza jasangarria zer den azaltzen saiatu dira bisitariei, euren materialak eta proiektuak adibide moduan hartuta. Debagoienean gai horri buruz antolatu duten lehen feria izan da Eskoriatzan egin dutena, eta bertakoak zein ingurukoak jakin minez joan dira feriara. "Pozik gaude, etengabe jendea egon delako ferian. Domeka goizean, adibidez, Amuskako emakume elkartearen taloak probatzearekin batera, 300 bat lagun egon ziren momentu baten frontoian. Oso pozik gaude", dio Saioa Alzuak, feriako antolatzaileetako batek. "Etorri diren enpresetako ordezkariak ere gustura gelditu direla esan digute, jendeak galdera asko egin dietelako eta bioeraikuntzaren gaineko interesa dutela ikusi dutelako", jarraitu du Alzuak.

Eskoriatzako ferian egon diren 11 enpresa horietako hiru Debagoienekoak dira: Bergarako Alet eta Arrasateko Solartetecnik eta Ekobai. Bergarako Aritz Etxanizen esanetan jendeak gero eta gehiago daki bioeraikuntzaz: "jendeak gero eta gehiago ezagutzen du bioeraikuntzaren aukera. Feriak laguntzen dute horretan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak