Bihar amaitzen da bi peoi kontratatzeko deialdian izena emateko epea

Mirian Biteri 2009ko ekainaren 18a

Langabezian dauden eskoriatzarrendako interesgarria izan daitekeen deialdia egin du Udalak asteon. Laster bi peoi kontratatuko ditu eta joan den astelehenean horretarako eskaerak jasotzeko epea zabaldu zuen. Interesa dutenek azkar ibili behar dute, bihar, barikua, amaitzen da-eta izena emateko epea.

Landa eta kaleguneetan garbiketa lanak egiteaz eta gune publikoak txukun edukitzeaz arduratuko dira bi langile berri horiek. Horretarako, igeltserotzan oinarrizko esperientzia eduki beharko dute eta sasi-garbitzeko makinak erabiltzen jakitea ere eskatuko zaie. Eskaintzen den kontratua sei hilabetekoa izango da, lanaldi osoz; eta maila profesionala, berriz, 7.a da.

Baldintza orokor bakarra exijitzen da: eskaera aurkeztu gura dutenek Arrasateko INEMen izena emanda izan beharko dute ekainaren 15a baino lehenagotik. Horretaz aparte, joan den ekainaren 15a baino lehenagotik Eskoriatzako Udalean erroldatuta egotea ere eskatuko zaie eskaera aurkezten dutenei.

Lehentasuna

Horren harira, Udalak azpimarratu du lehentasuna izango dutela azken hamazortzi hilabeteetan lana galdu dutenek, langabeziagatiko babes txikiagoa dutenek, familia ardura handiagoa dutenek, Txertaketa Errenta Aktiboaren (RAI bezala ezagutzen dena) programan aurkitzen direnek eta minusbaliatuek.

Baldintza guztiak betetzen dituzten pertsonek eskaera aurkeztu beharko dute Arrasateko Enplegu Bulegoan edo Eskoriatzako udaletxean. Internet bidez ere bidaltzeko aukera egongo da, posta elektronikoz bidalita bop2005510@inem.es helbidera, eta horretan 2036 erreferentzia jarriz.

Enplegu Bulegoak egiaztatuko du baldintza orokor guztiak betetzen direla eta izangaiak lehentasunaren arabera antolatuko ditu, eskaeran ezarritako baremoari jarraituz. Jarraian, Udalak hautaketa prozesua osatuko du eta probak edo elkarrizketak burutu ahalko ditu izangaiak baldintza zehatzetara egokitzen diren ala ez baloratzeko.

Eskoriatzako Udalak eta INEMek elkarlanean egin dute deialdia. Gipuzkoako 2009 urteko Enplegu Sustapen Programaren barruan dago hori. Horren gainean informazio gehiago gura dutenek www.inem.es webgunean aurkituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak