Bidegorriaren hilerrirainoko tramua lizitaziora atera dute

Iker Barandiaran 2008ko abe. 15a, 18:47
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garapen Iraunkorreko Sailak jakinarazi du Arrasate eta Leintz Gatzaga artean aurreikusita duten bidegorri proiektuaren beste tramu baten lanak lizitaziora atera behar dituztela. Tramu hori Eskoriatza eta hilerriaren artekoa da, eta baldintzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu berri dituzte. Bertan aurki daitezke kontratazio eta esleipen espedienteak.

Lanok 2009ko udaberrian hasi gura dituzte eta aurreikusita dago bost hilabetean bukatzea.

949.714 euroko aurrekontua

Tramu berri horri dagozkion lanek 949.714 euroko aurrekontua izango dute.
Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Saileko arduradunek jakinarazi dutenez, lan nahiko konplexua izango da, trazatu barruan dagoen tunelaren iparraldeko ahoa estalgabetu barik dagoelako eta tunelaren zati bat GI-627 errepidearen lubeta baten azpian dagoelako. Hortaz, tunela egonkortu, egokitu eta argiztatzeko lanek zeregina zailduko duten aurreikuspena dute.

Beste tramuak abian daude

Bestalde, Aldunditik azaldu dute Aretxabaleta-Eskoriatza iparraldeko zatia abian dagoela aspalditik; eta GI-627 errepidearen paraleloan, Eskoriatzan bertan, Aingeru Guarda-Sorautz zatiko lanak egiten dabiltzala. Dena dela, azken zati horren lanek zelanbaiteko atzerapena izan dute dagoeneko.
Behin aipatutako bi zatiak bukatzen dituztenean, Eskoriatza-Aretxabaleta-Arrasate ingurunea lotuko dituen bidegorriak sei kilometroko luzera izango du, eta malda oso arinak.

Aspaldiko tunela azalera

Bestalde, bidegorriaren lanari esker, orain dela 20 bat urte sarrera bat itxi zioten tunela berriro erabilgarri egongo da. Izan ere, sarrera bat nahita itxita dauka, eta bestea sasiz-eta estalita dago denboraren eta utzikeriaren erruz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak