Bidegiren eta Udalaren arteko bilerak aurrera doaz

Iker Barandiaran 2008ko ekainaren 6a

Autobideak eragindakoa saihesteko hainbat konponketa adostu ostean, neurri konpentsatzaileak aztertzen dabiltza orain.

Bidegiko arduradunak eta Eskoriatzako Udal Gobernua aldatu zituztenetik, bi erakundeen arteko elkarrizketei ekin diete berriro. Hain zuzen ere, Donostian zein Eskoriatzan bospasei batzar egin dituzte orain arte, eta hurrengoa datorren astean egingo dute, herrian.
Batzar horien helburu nagusia da Eibar-Gasteiz autobidearen lanek herrigunean eta elizateetan eragin dituzten kalte eta aldaketak ahal den neurrian saihestea eta konpontzea.

Azpiegitura batzordea
Bidegirekin adostu eta negoziatu beharreko gaiak Udaleko Azpiegitura batzordeak aztertzen ditu. Batzorde horretan udalerriko alderdi guztiak ordezkatuta daude, eta Elizateetako zinegotzi Leire Okarantza da presidentea.

Bi erakundeek orain arte adostu dituzten puntu garrantzitsuenak honako hauek dira: auzoetako errepideen konponketak; moztuta gelditu diren bide eta zerbitzuak berregitea; Intxaurtxuetako eta beste drainatze batzuei konponbidea ematea eta hainbat mendi-bide konpontzea, besteak beste.

Neurri konpentsatzaileak
Orain esku artean duten beste gai bat da autobideko lanen kalteen truke zer nolako neurri konpentsatzaileak eskatuko dituzten. Hori erabakitzen dabiltza Elizateetako eta Udaleko ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak