Guztira kaltetutako 30 bat lagun batu ziren udal ordezkariak diren Pedro Lasagabaster alkatea eta Dorleta Lezeta alkateordearekin eta haiekin batera Lagun Aro Aseguruak etxeko Unai Salaberria egon zen udalaren aseguruaren izenean.
Lur-hondakinak kentzen astebete
Alkateak asteartean bertan hasitako lanen berri eman zuen, hain zuzen ere sastrakak kentzeko eta jausitako lur-hondakinak jasotzeko lanen berri eta esan zuen bizilagunek gutxienez beste astebetean etxetik kanpora jarraitu beharko dutela. Epe horretan jasoko dira lur-hondakin guztiak, batez ere 26. eskapeko lehenengo solairuko etxebizitzei eragiten dietenak. Lanok egiteko, eta kalte gehien jasan dituen esparrura iritsi ahal izateko beso luzea duen hondeamakina berezia erabili beharko da eta kontu handiz egin beharreko lana da. Aurreikuspenaren arabera hurrengo astelehenean, otsailaren 8an, bukatuta egongo dira lurrak jasotzeko lanak.
Kaltetuak, hoteletan
Kaltetuek, beraz, beste astebetez jarraituko dute orain arte bezala hoteletan ostatu hartzen eta udalak ostiralerako 4 etxebizitza prestatuko ditu, epe luzeagoan etxetik kanpo egon behar dutenei uzteko. Etxebizitza horietako 3 udalaren jabetzakoak dira eta 1 Eusko Jaurlaritzarena. Udal ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren laguntasuna eskertu zuten azkar eta egoki erantzun diolako euren jabetzako etxea erabiltzeko eskariari.
Lur-jausia konpontzeko proiektua
Udal ordezkarien esanetan, gertatutako lur-jausia konpontzeko proiektu tekniko bat epe motzean kontratatzeko gestioak egiten ari da udala. Proiektu hori hilabete barru eginda egongo da eta orduan ezagutuko dira horma trinkotuta uzteko egin beharreko lanen xehetasunak, iraupena, aurrekontua eta baita hartu beharreko segurtasun neurriak zeintzuk diren ere.
Udalak hondakinak jasotzeko lanean ari diren enpresa eta pertsonen lana eskertu du, arrisku eta zailtasun handiko lanak egiten dihardutelako. Eta kaltetuei berriz ere adierazi zitzaien euren esku jartzen direla baliagarriak izan dakizkiekeen udal baliabide guztiak.