Berri Txarrak-en disko aurkezpenean, kiroldegia beteta

Iker Barandiaran 2009ko irailaren 21a

Lekunberriko musika taldeak 'Payola' diskoaren aurkezpen ofiziala Eskoriatzako kiroldegian egin zuen, Aitzorrotz kultura elkartearen laguntzarekin. Hala, Euskal Herriko bazter askotako eta Espainiako musika zaleak batu ziren jaialdian.

Aurreikuspenak bete ziren, duda barik. Euskal Herriko bazter askotako eta Espainiako hainbat musika zale batu ziren Berri Txarrak taldearen Payola diskoaren aurkezpen ofizialean.

Aitzorrotz kultura elkarteak -antolatzailea- eta Berri Txarrak taldekoek aurkezpena jaia bihurtu zuten; eta lagunak eraman zituzten agertoki gainera. 

Deabruak, aspaldiko lagunak

Portugalgo Simbiosis-en metal  hardcorea ezin izan genuen entzun, baina Tolosako Deabruak Teilatuetan taldea oso sasoi onean ikusi genuen eta kiroldegia ez zitzaien handi gelditu. Euren ibilbideko errepasoa egin zuten, hardcore melodikoa eta rocka uztartuz; eta opari moduan, Gorka Urbizuren laguntzarekin, Peiremans+ proiektuko kantu bat interpretatu zuten, Weezer gogoratuz.

Profesionaltasuna eta erronkak

00:30ean Lekunberriko hirukotea agertokira igo eta dezibeloak dezente igo ziren, baita zirrara ere. Gogor hasi ziren, euren kantu gogor eta metaleroekin, eta jendea pozarren. Hala, Payola ez, baina aurreko beste hiru diskoetako errepasoa egin zuten; eta halako baten, abestien sonoritatea erabat aldatuta, Payola, Folklore, Gure dekadentziaren onenean, Dortoken mendean, Maravillas eta Placeboren kantu bat eskaini zituzten, gordin, rockero eta 70eko hamarkadako kutsuarekin.

Talde sendoa da, oso profesionala eta haustura barikoa, baina hori ez da berria. Gehigarria da bestelako sonoritatean ere arraina uretan moduan mugitzen dela eta beste erronka bat bete dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak