Kultura teknikari Arantxa Unzuetak esan duenez, "orokorki, balorazioa oso positiboa da. Adin guztiendako ekitaldiak antolatu dira eta aspertzeko astirik ez da egon eta jendea, ondorioz, gustura geratu da. Eguraldiak, gainera, lagundu du".
Datorren urteari begira, baina, hainbat kontu hobetu beharko direla azaldu du. Esaterako, astean zehar, gauean, autobusak jartzea aztertuko dute antolatzaileek, inguruko herrietako gazteak gerturatu daitezen. Gorosarri plazan egiten den herri bazkaria tokiz aldatzeaz ere jardungo dute, "nahiko estu eta txiki geratzen da eta kupelen gunea".
Ekimen arrakastatsuenak
Ekimen arrakastatsuen artean, Abbey Road taldearen kontzertua, The Beatles taldearen imitatzaileak; Golden Apple Quarte-en ikuskizuna eta Euskal Jaia egunean izandako kantu txapelketa aipatu ditu. Azken horretan, hamar taldek parte hartu zuten. Umeen ekitaldietan ere eskoriatzar asko ibili zirela nabarmendu du Unzuetak.