Udalean alkate berriak jakinarazteko data eguaztena da. Auzo batzuetan dagoeneko aukeratu dituzte euren ordezkariak, baina beste batzuetan asteburuan erabakiko dute.
Zazpi dira udalerria osatzen duten elizateak eta horiei Lete auzoa batu behar zaie. Auzo alkatea aukeratzeaz gain, auzoko batzarrerako beste bi lagun aukeratu beharko dituzte.
Astelehenean auzoetako ordezkari guztiak batzartuko dira Elizateetako zinegotzi Leire Okarantzarekin, legealdiko lan dinamikak zehazteko: zer maiztasunekin elkartuko diren, udaleko batzordeetan zer esku-hartze izango duten eta beste.
Dagoeneko elizate batzuetan egin dituzte bozketak eta aukeratu dituzte datozen lau urteetarako ordezkariak: Gellaon, Apotzagan eta Marinen, besteak beste, baina ez dizkigute jakitera eman horien izenak. Asteleheneko batzarrera arte itxaron beharko dugu.
Bestalde, jakin badakigu elizate batzuetan auzo alkateak errepikatuko dituztela; hortaz, kasu batzuetan ez ditugu aurpegi berriak ikusiko, eta beteranoek jarraituko dute.