Autoenplegua sustatzeko laguntzak emango ditu Udalak

Mirari Altube Arrese 2010ko urr. 4a, 14:16
Autoenplegua sortzeko laguntzen oinarriak onartu zituen udalbatzak joan den eguaztenean egindako osoko bilkuran. Oinarri horiek autoenplegua sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituzte. Orain jendaurrean jarriko dituzte ikusgai, eta erreklamaziorik egon ezean behin betiko onartuta geratuko dira.

Laguntza horien helburua da eskoriatzarrek enpresa txikiak sortzea herrian bertan. Gainera, atzeraeragina izango dute, hau da, 2009an eta 2010ean jarduera hasi dutenek ere diru mailegua eskatu ahal izango dute baldintzak betez gero. Eta baldintzen artean honakoak daude: Eskoriatzan erroldatua egotea gutxienez urtebetez; Inemen izena emanda egotea enpresa abian jarri aurreko bi hilabeteetan gutxienez; bideragarritasun proiektua aurkeztea –enplegu bat edo gehiago sortuko dituena–; eta Eskoriatzan bertan izatea lan jarduna sortutako enpresak.

5.000 euro arte

Dirulaguntza eskaerok udaletxean aurkeztu behar dira oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 eguneko epean. Udal teknikariek baloratuko dituzte eskaintza horiek eta Ogasun Sailak gero proposamena aurkeztuko dio alkatetzari, honek azken erabakia har dezan.

Aurkeztutako guztiek ez daukatela zertan jaso dirulaguntzarik iragarri dute eta gehienez ere 5.000 euro eskuratuko ditu sustatzaile bakoitzak. Laguntza hori erabili beharko dute eraikuntza lanetarako, instalakuntzetarako, altzari eta informatikako ekipoendako… Udalak kontratua sinatuko du laguntza jasoko duenarekin eta adostuta geratuko da proiektuaren helburua, lan egutegia, gastuak justifikatzeko modua eta beste hainbat kontu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak