Autobus geltoki berria jarriko dute autobideko biribilgunetik gertu

Mirian Biteri 2009ko ira. 24a, 13:38
Eskoriatzako herritarrek autobus geltoki berria izango dute hemendik gutxira. Udaletxetik jakinarazi digutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko du, Intxaurtxuetako sarbidean, AP-1 autobideko biribilgune berritik gertu.

Errepideko bazter bakoitzean geltoki bana jarriko dute. Horren harira, errepidearen beste aldera pasatzeko pasabidea dagoeneko egina dago eta hortaz, ingurunea baino ez dute egokitu beharko.

Geldialdi bakarra

Geltoki berri horrekin gaur egun Gasteizera doazen eta Arabako hiriburutik datozen autobusetatik, erdiak zuzenean autobidetik joango dira. Hori izango da autobus zuzenak Eskoriatzan egingo duen geldialdi bakarra. Hortaz, zerbitzu hori erabili gura duten herritarrak sarreran egongo den geltoki horretara joan beharko dira. 

Autobidetik joan ala ez, bidaiak prezio bera izango du; hau da, Txartel Bakarra dutenek 2,04 euro ordaindu beharko dituzte; eta gainontzeko bidaiariek, 3,40 euro.
Aldatuko dena, bidaiaren iraupena izango da: ohiko geltokian hartzen den autobusak 45 minutu behar ditu Gasteizera heltzeko eta autobidetik doanak, berriz, ordu erdi. 

Herritarren iritzia

Autobus geltoki berri horren gainean, herritarrek duten iritzia jakin eta esandako zerbitzua hobetzeko, Udalak 15 eguneko epea zabaldu du nahi izan ezkero, herritarrek iradokizunak egin ditzaten. Esaterako, goiko kalekoek autobideko zerbitzua hartu ahal izateko autobus-aldaketa doan egiteko aukera izatea izan daiteke iradokizunen bat. Iradokizun horiek idatziz aurkeztu ahalko dira udaletxean, kultur etxean, udal liburutegian edo Ibarraundi museoan.

Geltoki berriarekin, guztira, lau egongo dira laster herrian: Intxaurtxuetakoa, erdikoa eta Aranburuzabala kalekoa, hain zuzen ere.

Ordutegi proposamenak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak