Autobideko lur-jausiaren kalteak aztertzen dabiltza

MaierUranga 2007ko abe. 10a, 09:54
Eguaztenean, hilaren 5ean, Eibar-Gasteiz autobideko Zarimuzko tartean eginda zeuden bi tuneletako bat lurrez estali zen, lurjausia dela eta. 16:30 inguruan, Agarre-Goiko baserriko zelaietako lurrak, jasaten ari ziren pisuaren ondorioz, goitik behera jausi ziren, 15 metro inguruko eusteko pareta bat ere aurrean eramanda. Istripua gertatu zenean, inguruan langileak zeuden arren, ez zen zauriturik egon; kalte materialak, ordea, oraindik ere baloratzen ari dira.

Bidegi, Gipuzkoako Azpiegitura Agentziakoekin kontaktuan jartzerik izan ez dugun arren, jakin badakigu teknikariak gertaera aztertzen ari direla, eta, astelehenetik aurrera, tunel ahora joateko aukera ere izango dutela komunikabideek; orain arte, hori egitea galarazita egon da. Teknikarien balorazioa heldu bitartean, ikusi eta jakin dugunaren arabera, estali gabe geratu den tunelaren ahoa tapatzen ari dira, lurjausi gehiagorik gertatu ez dadin; baina, dirudienez, ez da nahikoa egiten ari direna, izan ere, zapatuan, lur gehiago jausi zen.

Agarre-Goiko zelaiko zati handi bat jausi zen, eta, are larriago, inguruko baserritarrek bazuten zegoen arriskuaren berri. Tunel ahoak motzegiak omen ziren, eta horiek luzatu eta autobide egokia egitea eskatzen ari dira eta kaltetu eta herritar asko.

Onbide

Onbidek, Debagoiena zeharkatuko duten azpiegitura proiektu erraldoietan –Eibar-Gasteiz autobidea eta Abiadura Handiko Trena, bereziki– ingurumena zaintzeko lan egiten duten herritarrak batzen ditu. Helburua ibarrean autopista modernoa eraikitzea da, ingurumena eta bizi baldintzak errespetatuko dituena, eta administrazio eta alderdi politikoei agindutakoa exijitzeko ari dira lanean.

Onbidek eta Eskoriatzako Udalak aurreko hilabetean izan zuten Bidegirekin azken batzarra, oraindik behin-behineko lur desjabetzeak eta beste zenbait gai hitz egiteko dituzte eta. 

Atzerapena

2005eko ekainean, Bidegik Dragados, Campezo, Serbitzu eta Sicek osatzen duten UTEari eman zion, lehiaketa bitartez, autobidearen gestioa eramateko aukera.  Izatez, istripua gertatutako tarteak bukatuta beharko luke dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak