Autobideari egindako alegazioak onartu barik

Iker Barandiaran 2007ko azaroaren 22a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide azpiegituretako departamenduak ez ditu onartu Onbide elkarteak Gasteiz-Eibar autobidearen Arlaban-Eskoriatza iparra zatia egiteko aurkeztutako alegazioak. Onbidek salatu du proiektu aldaketa egitearen arrazoia dela beste 13 lurjaberen lurrak hartzea.

Aldundiak jakinarazi du laugarren proiektu aldatuan honako aldaketak sartu zituztela: lur mugimenduetan aldaketak, hondakindegi handiagoa, drainatzea aldatzea, Arlabango tunela luzatzea, eta Arlaban eta Zarimuzko tuneletako obra zibila aldatzea, besteak beste.
Horiek guztiak jendaurrean erakusteko eta iradokizunak jasotzeko, alegazio epea zabaldu zuten.

Hala, Onbide elkarteko ordezkariek eskatu zuten Marin eta Zarimutz arteko pasabide edo zubiko alboak egurrezkoak egitea; eta inbutu forma ematea. Horren arrazoia da animaliak hortik ibiltzeko erraztasunak ematea. Aldundiak erantzun die hala egingo dutela, baina Onbidekoak zalantzak dituzte proiektua ikusita.

'Petatxuak jartzen'
Bigarren alegazioa orokor samarra dela jakinarazi dute. Hain zuzen ere, eskatu zuten kaltetuen eskaerei erantzuteko. Horren aurrean, Bidegik eta Aldundiak petatxuak jarri dituztela uste dute Onbidekoek. "Adibidez, Zarimutzera Arabatik datozen urak ez galtzeko eskatu genuen, eta azkenean horren hodia zubi gainetik jarri dute. Ez dugu uste hori konponbide onena denik", azaldu zigun Onbideko Juan Carlos Belokik.

Belokik aipatutako beste arazo bat da Mazmelako bidea konpontzeko eskatu zutela. "Eskas samar konpondu dute behin-behineko bidea, eta izugarrizko hobekuntza egingo balute moduan azaldu dute".
Uren drainadurari dagokionez, Onbidek uste du ura edozein lekutara botatzen dabiltzala; besteak beste trenbide zaharrera; eta hori akats larria dela uste dute. "Antontxu eta Aingerubarriko adibideak aipatu dituzte, baina arazoa oso orokorra da".

Onbidekoak haserre daude Bidegik "garbi jokatzen ez duelako, eta auzotarrenganako errespeturik ez daukalako. Eta, orain esaten dute lanen atzerapena eskoriatzarrengatik dela...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak