Atxorrotzen XII. mendetik egondako gaztelua ekarriko dute gogora asteon

Irati Agirreazaldegi 2008ko mai. 5a, 17:32
Domeka, eguraldi eguzkitsua, mendira joateko aproposa. Horrela egin zuten makina bat eskoriatzarrek Atxorrotz egunaren harira. Aspaldiko ohitura da maiatzeko lehenengo domekan Atxorrotz mendira igotzea koadrila edo familia giroan. Oinez batzuk, bizikletaz besteak eta izan zen zaldiz edo asto gainean igo zenik ere. Asteon, Atxorrotzen gaineko jardunaldiak antolatu dituzte.

Hamaiketako goxoa zuten gertu antolatzaileek eta batzuek mokadua egiten zuten bitartean meza entzutera joan ziren besteak eta ermitako kanpaia jo zuten gehienek, zorte ona ematen omen du-eta. Sorkunde eta Jon trikitilarien doinuek alaitu zuten giroa Atxorrotzen eta izan zen dantzara animatu zenik ere, umeak batez ere. Izan ere, ume, gazte zein heldu eta adineko denetariko jendea elkartu zen eskoriatzarrek hain maitea duten mendian.

Eguerdian giroa freskatzen hasi zen eta herrira jaitsi ziren batzuk. Jaiak plazan jarraitu zuen dantza saio eta erromeriarekin. 

Historia handiko gotorlekua

Atxorrotz egunean mendira joateko ohitura aspaldikoa da eta hara joaten diren askok beharbada ez dakiten arren, aspaldi zegoen Atxorrotzen gaztelua. Eskoriatzari buruzko lehenengo aipamen idatziak XII. mendekoak dira, hain zuzen ere, Atxorrotz mendi tontorrean zegoen gazteluaren gainekoak. Leintz bailarako eremu zabala menderatzen zuen eta ibarreko biztanleei babesa ematen zien.

Herritarrei eta ingurukoei Atxorrotzeko gazteluaren berri eman guran Ibarraundi museokoek jardunaldiak antolatu dituzte aste honetarako. "Eskoriatzarrek eta ibarrekoek badakite mendia hor dagoela, baina jende askok beharbada ez daki gotorleku bat egon zela XII. mendekoa. Jakinarazi nahi dugu ibarreko historiaren parte izan zela", esan digu Ibarraundiko Ane Izurrategik.
Historiako pasarte garrantzitsuak gordetzen ditu Atxorrotzek. Antzinako idatzien arabera, Antso Jakintsua eta Antso Azkarra errege nafarrekin unitate administratiboaren egoitza izan zen; 1184tik Araba eta Gipuzkoako edukitzeen egoitza izatea  egotzi diote; 1194an Gebara leinuko Pedro Ladronek hartu zuen ardura; 1195ean Antso Azkarraren izendapenez, Lope Santsezek Arluzeako tenentzia utzi eta Arabakoa eta Gipuzkoakoa hartu zituen Atxorrotzen; 1199-1200 urteetan errege gaztelarrek eskuratu zuten; eta badira aipamenak XV. mendean gazteluari egotzi diotenak bandoen arteko liskarrak geldiarazteko papera ere.

Jardunaldietan Iñaki Sagredok eta Iñaki Padillak horrelako kontuak izango dituzte hizpide.  "Atxorrotzera joanda baliteke ez nabarmentzea aztarnarik, baina airetik begiratuz gero harresiaren arrastoak sumatzen dira", aurreratu digu Ane Izurrategik.

Atxorrotzeko gazteluaren inguruan egin diren indusketei buruz ere berba egingo dute adituek. Lehen aurkikuntzetan eta 1926ko indusketetan jasotakoak ez dira gorde. Gero, 1968an Ignacio Barandiaranek gidatu zuen orain arte egin den azterketa sakonena; azkenak, berriz, Mertxe Urteagaren eskutik egin ziren 2001-2002 urteen artean. "Etapa ezberdinetako aztarnak aurkitu dira: brontzezko puntak, objektu pertsonalak, txanponak…" esan digu Ane Izurrategik. Beste horma zati batzuk ere azaldu omen dira, baina gainean baseliza eraiki zuten.

Hitzaldiaren izenburuak berreskuratzeari buruzko aipamena egiten badu ere, Ibarraundikoak oraingoz konforme leudeke herritarrek Atxorrotz gazteluaren historia berreskuratuko balute euren memorian mendira doazen bakoitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak