Atxorrotzen gaineko jardunaldiak egingo dituzte

Iker Barandiaran 2008ko api. 28a, 17:24
Erdi Aroko historiaren gaineko bi adituk Aitxorrotzeko gaztelua izango dute berbagai. Ibarraundik eta Aitzorrotz kultura elkarteak antolatu dute, beste talde askoren laguntzarekin.

Atxorrotz mendia Eskoriatza herriari zelatan dago betidanik eta agian horregatik zeresan oso berezia dauka eskoriatzarrendako. Horren jakitun, Ibarraundi museoko arduradunek eta Aitzorrotz kultura elkarteak Atxorrotzen gaineko jardunaldiak antolatu dituzte, Amuska emakumeen taldea, Olazar erretiratuen elkartea, Tortolis ludoteka eta Udalaren laguntzarekin.

Jardunaldiak aurkezteko, martitzenean, hilaren 29an, ospakizun berezia egingo dute herriko plazan, 18:00etan. Musika, sagardoa, pintxoak, Atxorrotzeko gazteluaren marrazki erraldoia, umeendako Erdi Aroko tailerrak eta beste egongo dira.

Maiatzaren 6an hasiko dira ekitaldiak. Iñaki Sagredo ikerlariak berbaldia egingo du Ibarraundin, 19:00etan. Ikerlari horrek 10 urte daramatza nafar erresumako gazteluen gaineko ikerketak egiten, eta iaz Navarra, castillos que defendieron el Reino liburuaren hirugarren atala argitaratu zuen. Berbaldia Nafarroa-ko gazteluak dokumentalarekin hasiko du, eta jarraian Castillo de Aitzorrotz. Historia y posible recuperación izango du berbagai.

Bi berbaldi maiatza hasieran
Bestalde, maiatzaren 8an, eguena, beste hitzaldi bat egingo dute: Iñaki Padilla Ibarraundin izango da 19:00etan. Bartzelonako Unibertsitate irakaslea eta Unibertsitateko Erdi Aroko Historia, Paleografia eta Diplomatika Departamenduko zuzendaria da Padilla. Espacio de frontera: las fortificaciones alto medievales de Gipuzkoa gaia izango du berbagai Padillak Eskoriatzan egingo duen berbaldian. Antolatzaileek jakinarazi dute Eskoriatzaren gaineko aurreneko aipamen idatziak XII. mendekoak direla, Atxorrotz mendi tontorrean zegoen gazteluaren gainekoak, hain zuzen ere.
Adituen esanetan, 1200 urtera arte Nafarroako erresumako kokaleku estrategikoa izan zen.

Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, Atxorrotz Eskoriatzaren eta eskoriatzarren historiaren zati handi bat da, eta hori da antolatzaileek herritarrei erakutsi gura dietena. Hala, konturatu dira Aitxorrotzen gainean interes handia duten hainbat aditu ere badirela azalpenak emateko prest.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak