Atxorrotzen amaituko da jaialdia bihar, Bizardunak-en emanaldiarekin

Mirian Biteri 2010eko uztailaren 23a

Bihar, zapatua, amaituko da aurtengo Errekan gora jaialdia. Ekimen bereziarekin emango dio amaiera Aitzorrotz kultura elkarteak; hain justu, Bizardunak musika talde ospetsuak bihar, zapatua, Atxorrotzen egingo duen emanaldiarekin.

Elkarteko Iñaki Kortazarren esanetan, "Errekan gora 2010 bukatzeko festa modukoa antolatu da. Eskoriatzako toki enblematiko moduan Atxorrotzen egitea erabaki genuen; guretzako sekulako erronka izan arren, jendearen erantzuna ona izango delakoan gaude". Hara heltzeko modu bakarra oinez igota izango bada ere, gaineratu du arazoak dituzten lagunendako lur orotako ibilgailuak jarriko dituztela. 11:00etan eta 13:00etan irtengo dira plazatik.

Eguna 11:00etan hasiko da. Ordu horretan dute hitzordua eginda Herriko Plazan mendira igotzeko. Ordubete inguruko igoeraren ondotik, Atxorrotzen egin diren indusketen gaineko azalpenak eskainiko dizkie Iñaki Sagredok han batzen direnei.

Bazkaldu ostean, Bizardunak talde nafarraren kontzertu ikusgarria egongo da zelaian. Denetarik dago talde horretan: 9 gizon, 9 ahots, folkean aritutakoak, rockzale ezagunak, azken horien lagunak...

Emanaldia ez da Atxorrotzen amaituko, herriko tabernetan jarraituko du iluntzean; eta gauean, Elvis Kaino disko-jartzailearekin jai bukaera egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak