Atxorrotzeko indusketen bigarren fasea, amaituta

Lander Muñagorri 2010eko maiatzaren 31

20.000 litro ur batzeko gaitasuna duen putzu (aljibe) baten aztarnak aurkitu dituzte eta baita Nafarroako Erregeren irudia duten txanpon batzuk. Atxorrotz mendira ibilaldi tematikoa egin zuten zapatuan 30 bat lagunek. Erdi Aroan tontorrean zegoen gazteluaren inguruan indusketak egiten aritu dira maiatzean, eta bertan lortutako materiala erakusteko ibilaldia zen egin zutena, indusketetan parte hartu duten arkeologoek lagunduta. Ibilaldi horrekin, gainera, indusketa lanak amaitutzat eman dituzte, "momentuz".



20.000 litro ur

Joan den urtean egin zuten Atxorrotzeko gazteluaren indusketen lehen fasea, eraikinaren harresiaren inguruan. Material ugari atera zuten, gainera: gezi, errotarri eta abar.
Maiatzean egin dituzten indusketak, berriz, gazteluaren aljibearen (ura biltzeko erabiltzen zuten putzua) inguruan egin dituzte.
Putzu hori hasieran uste baino handiagoa dela nabarmendu dute Ibarraundi museotik, "20.000 litro ur jasotzeko bestekoa", Saioa Altzua, Ibarraundi museoko ordezkariaren esanetan.
Hori dela eta, aurkikuntza horri berebiziko garrantzia eman diote. Orain  arte Atxorrotzen egin diren indusketak, gainera, harresi inguruan egin dira. Putzu ingurua lehen aldiz aztertu dute, hortaz, indusketa hori berritzailea izan dela ere esan daiteke. Berritzailea eta oparoa, ze aljibearen inguruan bestelako objektuak ere topatu dituzte, txanponak (tartean Nafarroako Errege Antsoren aurpegia dutenak)  eta garaiko beste aztarna ugari.

Informazio ugari

Orain arte egindako indusketa lanekin, Erdi Aroko gaztelu estrategiko horren inguruko informazio ugari lortu dute. 
Aztarnen inguruko datuak jasotzeko, ordea, itxaron egin beharko dute, katalogatu eta aztertzeko denbora beharko baitute arkeologoek.
Edozein eratan ere, gazteluaren inguruan oraindik bada lanik egiteko, eraikinaren zati bat besterik ez baita aztertu orain arte. "Asko geratzen da oraindik aztertzeko. Baina etorkizunean indusketak egiten jarraituko ote dugun ez dakigu oraindik", dio Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak. Izan ere, hurrengo fase baterako kontratazioa egiteko diru-laguntzak izango ote dituzten ez dakite oraindik.
Maiatzean hasi eta zapatuan amaitu ziren indusketak Larrate enpresaren ardurapean egin dira, eta orotara bost pertsona aritu dira azken hilabete honetan Atxorrotzeko tontorrean lanean.

Atxorrotz, indusketa-leku

Larrate indusketa enpresa izan da bigarren faseko indusketen arduraduna, 2009ko indusketetan bezalaxe. Ez dira bakarrak izan, ordea. Haien aurretik hainbat arkeologo ibili dira-eta, indusketa lanak egiten: 1862an Gorosabel aritu zen, 1877an Capistao izan zen, 1922an Reca eta 1968an Barandiaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak