Atxilotu bat, jabetza intelektualaren kontrako delitu batengatik

Usoa Agirre 2008ko urr. 27a, 10:31
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen zapatu arratsaldean Eskoriatzan, jabetza intelektualaren kontrako delitu bat egitea leporatuta. Ertzaintzaren arabera, atxilotuak euskarri digitalean grabatutako 978 kopia ilegal zeramatzan ibilgailu baten maletategian, saltzeko prest.

GI-627 errepidean, Eskoriatzan, zirkulazio istripu bat gertatu ondoren atzeman zuten material ilegala ertzainek. Arratsaldeko zazpi eta erdietan, bi autok istripua izan zuten bertan; ez zen inor zauritu. Garabia istripuan nahasitako autoetako bat errepidetik kentzera zihoanean, CD eta DVD formatuetan egindako hainbat kopia pirataz betetako bi poltsa ikusi zituen barruan ertzain batek. Gainera, gidariaren gidabaimenak ez zuen balio. Horren aurrean, autoa miatzen hasi ziren.

Maletategian erosketetarako orga bat aurkitu zuten. Musika eta zinema lan batzuen 982 kopia ilegal, euskarri digitalean, eta 186 karatula faltsu zeuden bertan. Jabeak aitortu zuenez, kalez kale saltzeko materiala zen. Hori dela eta, ertzainek atxilotu egin zuten M.N. (23 urte), jabetza intelektualaren kontrako delitu bat egin izana egotzita.

Atxilotua poliziaren egoitza batera eraman zuten, zegozkion eginbideak betetzera, eta aske utzi zuten ondoren. Halere, epailearen aurrean agertu beharko du agintari judizialak dei egiten dionean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak