Artisauz eta baserriko produktuz beteko dira zapatuan herriko kaleak

Mirian Biteri 2009ko ekainaren 4a

Urtero moduan, Arizmendi ikastolak antolatutako Ferixiaz gozatzeko aukera izango dute zapatuan eskoriatzarrek. Aurtengo egitaraua hiru berrikuntza nagusirekin dator.

Batetik, goiz partean Eriz magoak haurrendako eskainiko duen ikuskizuna dago. Bigarren berrikuntza herri bazkariak izango duen formatu aldaketaren harira dator.

Bazkaria

Azken horren harira, Ferixiaren koordinatzaile Olatz Arresek azaldu digu, arrazoi ekonomikoak direla-eta, urtero pilotalekuan antolatu izan duten bazkaria aurten ezin izan dutela aurrera atera. Horren ordez, herriko plazan mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte jai giroan jarraitu gura dutenek bertan bazkaldu dezaten. Hori bai, bazkaria eramatea norberaren esku geratuko da.

Azkenik, argazki lehiaketa egingo dute, aurten lehen aldiz. Axtroki argazki taldeak antolatu du ekimen berri hori. Izenematea egunean bertan izango da, 09:00etatik 10:00etara, plazan.

Gainontzeko ekimenetan ez da aldaketarik egongo. Jaiari 09:00etan emango diote hasiera, etxafuego jaurtiketarekin eta, jarraian, txistulariek kalejira egingo dute. Azoka 10:00etan zabalduko dute. Arresek aipatu du aurten 80 postu inguru egongo direla.

Etxeko postuak

Azokan ez da Eskoriatzako artisaurik eta baserritarrik faltako: guztira, hamasei postu jarriko dituzte etxekoek. Horietan denetarik aurkituko dugu: egur taila, pilotak, gazta, txerrikiak, baratzeko produktuak edo ardoa, beste askoren artean.

10:15etik 11:15era, bestalde, XII. Txorimalo lehiaketa egingo dute. Bitartean, haur eta gazteendako tailerrak eta puzgarriak egongo dira plazan. 11:30ean, iaz abian jarritako txapelketa hasiko da ikastolan: gaztarena. Eguerdian trikitilariak irtengo dira, eta 13:00etan, herriko dantza taldearen ikuskizunaren txanda izango da, plazan. 15:00etan bazkaria hasi aurretik, Ferixako postuen eta txorimalo lehiaketako sari banaketa egingo dute. Goiz osoan zehar, bestalde, taloa jan ahalko da elizpean.

Arresek, azkenik, eguna ederto irten dadin boluntarioek urtero egiten duten lana txalotu gura izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak