Ari dira konpontzen AP-1 autobideko lanek elizateetarako bideetan eragindako kalteak

Asier Alkorta 2010ko uzt. 15a, 18:21
Pasa den astetik Eskoriatzako Zarimutz, Mazmela eta Apotzaga elizateetara doazen bideak konpontzen dihardute. AP-1 autobidea egiteko lanekin errepide hauek guztiak erabat hondatu zituzten, eta zabaldu zenetik urte bete igaro ostean hasi dira lanekin.

AP-1 autobidea egiteko lanek eragin zuzena izan zuten Zarimutz, Mazmela eta Apotzaga elizateetan. Izan ere, hiru auzo hauetara joateko bideak erabat hondatu ziren kamioien joan etorriekin. Auzotarren hainbat kexen ondoren, iragan den astean hasi ziren errepideak egokitzen.

Zarimutzeko errepidean azken ukituak ematen ari dira. Hala ere egoera kaxkarrarekin denbora gehiegi eman dutela zehazten digu auzotar batek.

Mazmelako egoera bestelakoa da ordea. Autobidea egiteaz gain AHTko lanak ere egiten ari dira bertan.

Errepidea metro t'erdi zabaldu baldin bada ere, konponketak ez dira elizatera joateko bide guztian egin. Kilometro eta erdiko bidea da elizatera joatekoa, eta errepidea materialak eta makinaria edukitzen duten lekuraino konpondu dute. Mazmelako auzo alkateak bide guztia asfaltatzea eskatzen du.

Hiru elizateetarako bideetan, Apotzagara doanean dago oraindik lan gehien egiteko. Lanak hasita dauden arren, oraindik denbora beharko da erabat bukatu arte.

Aldundiak ia 700.000 euro bideratu ditu Eskoriatzako hiru auzoetarako errepideak konpontzeko. Baina oraindik Aretxabaletako bi auzoetan sortu zituzten kalteak ere bideratu beharra dauzka. Ixurieta eta Galartza auzoetan egin beharreko lanak esleituta daude dagoeneko, eta irailean hasiko dira lanean. Bidegik zuzenduko dituen lan hauetarako 850.000 euro inguru bideratuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak