Amuskaren ikastaroetan 40 bat lagunek dihardute

Mirian Biteri 2009ko urr. 22a, 19:06
Hasi dira dagoeneko Amuska emakumeen elkarteak gertatutako ikastaroak. Eskolak urriaren hasieran hasi ziren eta kultura etxean egiten dituzte. Guztira, 40 lagunetik gora dabiltza ikastaro horietan.

Astero bi ordu ematen ditu bakoitzak aukeratutako zereginean. Astelehen arratsaldean, ehoziri-lanak eta bainika dituzte; Idoia Ibañez arrasatearrak ematen ditu horren gaineko eskolak. Amuskako kide Gurutze Idigorasek azaldu digu ikastaro horretan hamar lagunek parte hartzen dutela.

Martitzenetan hitzordu bikoitza dute: goizean, urtero arrakasta handia duen ikastaroa dute emakumeek; olio-pinturarena, hain zuzen ere. Idigorasen esanetan: "Jendearen gustukoa da hori, hasi berri dugun ikasturte honetan hamabi pertsona gaude". Maria Jesus Carrillo eskoriatzarra arduratzen da ikasleek aukeratzen dituzten irudiaren gaineko azalpenak emateaz.

Patchwork eta eskulanak

Arratsaldean, berriz, patchwork ikastaroa dago. Zortzi lagun joaten dira astero Mari Carmen Burgosek ematen dituen eskoletara. Lana ondo irten dadin jarraitu beharreko arauak ematen dizkie eta emakume gehienek etxean jarraitzen dute eskoletan hasitako lanarekin. Eguazten arratsaldean, azkenik, eskulanak egiteko aukera dute. Ikastaro horrek ere oso harrera ona du eskoriatzarren artean. Aurten, guztira, 14 lagunek eman dute izena.

Idigorasek aipatu du eskolek otsailera arte iraungo dutela eta, bi asteko geldiunearen ondotik, ikastaroekin hasiko direla berriro. Horretarako, baina, izenematea zabalduko dute, bakoitzak gura duen ikastaroan izena eman dezan.

Sukaldaritza tailerra

Horietaz gain, Amuska elkarteak lanean dihardu ekimen berriak gertatzen. Data zehatza oraindik erabakitzeke badago ere, Idigorasek aurreratu digu azaroan sukaldaritza tailerra egiteko asmoa dutela, Bizi-ikasirekin elkarlanean; are gehiago, gozogintzaren gainekoa izango dela eta iraupenari dagokionez hamabi ordukoa izango dela ere aipatu digu. Amuskako kideak gaineratu du, Gabonei begira, buruan dutela sukaldaritzaren gaineko bigarren ikastaro bat gertatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak