Amuskak hainbat ikastaro eta hitzaldi antolatu ditu

Mirian Biteri 2009ko irailaren 17a

Batzorde berriak antolatutako lehen ekimena irailaren 28an egingo dute. Egun horretan, Marisol Rebollo adituak larruazalaren zahartzearen gaineko berbaldia egingo du. Hitzordua 18:30ean jarrita dago, kultura etxean. Betiko moduan, hitzaldi horretarako sarera librea izango da.

Amuska emakumeen elkartean dagoeneko mugitzen hasi dira. Atzean utzi dituzte azkenaldiko belaunaldi-lekukoa egiteko arazoak eta batzorde berriak lanean dihardu, abuztuan hartutako atsedenaldiaren ondoren. Azken urteotako ildo beretik jarraitzea  erabaki dute.

Hitzaldiaz gain, datozen hilabeteei begira lau ikastaro mota antolatu ditu elkarteak. Astelehenetan, ehoziri-lanak egiteko aukera izango dute herriko emakumeek; martitzenean, olio-pintura eta patchwork-a. Kolore, forma eta neurri askotariko oihal zatiak josiz egiten den lana da hori. Puntadaz puntada mantak, koltxak eta etxeko arropa jostean datza. Eguaztena, azkenik, eskulanen eguna izango da.

Ikastaroak urrian hasiko dira eta abendura arte iraungo dute. Bi orduko eskolak emango dira astero.

Irailaren 21 eta 22an

Interesa dutenek astelehenean eta martitzenean, irailak 21 eta 22, eman beharko dute izena herriko kultura etxean. Arratsaldez pasa beharko dute handik, 18:00etatik 19:00etara, hain zuzen. Amuskatik ohartarazi dute izen-abizenak ematearekin batera derrigorrezkoa izango dela ikastaroa ordaintzea.

30 edo 40 euro

Prezioari dagokionez, azkenik, bi kopuru mota egongo dira: emakumeen elkarteko bazkideak direnek 30 euro ordaindu beharko dituzte ikastaro bakoitzeko; bazkideak ez direnek, berriz, 40 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak