Amuska taldekoek antzezlana estreinatuko dute bihar

Mireia Bikuña 2010eko uztailaren 16a

Hain justu ere, La cenicienta que no queria comer perdices ipuinaren moldaketa taularatuko dute. Antzerki taldeko kide Eva, Mari Karmen, Emi, Caty, Elvi, Pakita, Josefina eta Nieves Huheziko areto nagusiko oholtzara igoko dira 22:30ean.

Ipuinaren moldaketa

Lehen emanaldirako Nunila Lopezek idatzi etas Myrian Camerosek ilustratu duen La cenicienta que no queria comer perdices ipuina hartu dute oinarri. Errauskine ipui klasikoaren ondorengoa kontatzen dute; hain justu ere, Errauskine eta printzea ezkondu ondoren zer gertatzen den. "Ezkondu ondorengo bizitza, batzuetan, guk espero bezalakoa ez dela kontatzen du ipuinak, eta horixe plazaratu gura izan dugu", diote Amuskakoek.
Antzezlaneko protagonistak Errauskine eta printzea dira, baina beste pertsonaia batzuk ere agertzen dira. "Sei pertsonaia aukeratu ditugu protagonistei laguntzeko. Ipuin klasikoetako pertsonaiak dira", esan digute.

Beste emanaldi batzuk

La cenicienta que no queria comer perdices antzezlaneko estreinaldia egin aurretik, jaso dute beste herri batzuetan emanaldiak egiteko gonbidapena. "Arrasateko Emakume Txokoak emanaldia egiteko gonbidapena luzatu digu. Agian, beste toki batzuetara ere joango gara".
Biharko emanaldiak zer emango duen jakin barik, antzerki taldearekin jarraitzeko asmoa dute. "Agian beste antzezlan batzuk egingo ditugu. Baina, oraingoz esku artean dugunarekin hasiko dugu bidea", diote.
Biharko estreinua irekia da. Sarrera doan da, eta hori horrela, Debagoiendar guztiak gonbidatu gura dituzte Eskoriatzako emanaldira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak