Udalak eta Amaral eraikuntza enpresak izan duten ika-mika konpondutzat eman dute bi aldeek. Hain zuzen ere, Amaral enpresak udalerrian hainbat urbanizazio lan egin beharko ditu, Udalak ezarritako zigorra barka diezaion.
Arazoa aspalditik dator. Izan ere, Amaral enpresak egin zituen Santa Ana auzoa eraberritzeko lanak, eta agindutako epeak ez zituen bete. Arrazoi horregatik, 2006ko martxoan Udalak erabaki zuen Amaral enpresari atzerapenarengatik isuna ezartzea; 18.000 euroko isuna.
Hala ere, gaur egungo udalbatzak azaldutakoaren arabera, 2006ko martxoan Amaral enpresako arduradunei ez zieten jakinarazi isun hori jarri behar zietenik. Hortaz, Amaralek ezin izan zuen errekurtsorik jarri.
Jakinarazi barik zegoen
Hain zuzen ere, gaur egungo udalbatzaren esanetan, lanen zuzendaritzan ez zuten aztertu Amaral enpresari isuna jartzeko asmoa.
Udalak, ordea, 18.000 euro horiek 2007rako diru sarrera moduan aurreikusita zituen. Orduan jakin zuen Amaralek ez zuela erabaki horren berri izan.
Prozedura berriro hasi
Hori dela eta, gaur egungo udalbatzak prozedura ia zerotik hasi behar izan zuen. Uztailean Amaralekoengana jo zuten aipatutako isunaren berri emateko. Horren aurrean, baina, Amaral enpresak alegazioak aurkeztu zituen Santa Ana eraberritzeko lanak bukatu zituela hainbeste denbora igaro ostean, ganoraz argudiatzeko eta defenditzeko zailtasunak izan zitzakeelako.
Horren harira, Udaleko lanen zuzendaritzak erabaki zuen ezin ziola atzerapenaren erru guztia Amaral enpresari bota, eta bestelako konponbidea bilatu beharko zutela.
Amaralek, lanak ordainean
Horregatik, Udaleko ordezkariek Amaral enpresako arduradunekin hainbat elkarrizketa izan dituzte. Horren arabera, azkeneko erabakia izan da isuna ordainarazi beharrean, Amaralek Udalarendako urbanizazio lan batzuk doan egin beharko dituela udalerrian.