Alkate ohia eta Elizateetako zinegotzi ohia auzipean daude

Iker Barandiaran 2008ko mai. 7a, 18:13
Juan Carlos Bengoa eta Jabier Villar dokumentu publikoak faltsutu izanaren akusazioapean daude, eta Audientzia Probintzialak hori frogatuko balu, 6 urtera arteko kartzela zigorra ezarri ahal diezaiekete.

Eskoriatzako alkate ohi Juan Carlos Bengoa eta Elizateetako zinegotzi ohi Jabier Villarri 6 urtera arteko kartzela zigorra ezarri ahal diezaiekete dokumentu publikoak faltsutu dituztela ziurtatzen badu Audientzia Probintzialak.


Autobideari alegazioa
2005eko San Pedro jaien inguruan, Udaleko Azpiegitura batzordean Aldundiko Errepide Sailari autobidearen gaineko alegazio bat egitea onartu zuten. Alegazioan zehaztu zuten autobidearen proiektuaren lehenengo aldaketa aztertzeko denbora behar zutela. Batzordea alderdi politiko guztietako ordezkariek osatu zuten, eta helburua zen autobidearen gainean hobekuntzak aztertzea eta adostea.

Epaitegiz epaitegi
Kontua da alegazioa onartu zutenetik erabakiari sarrera ofiziala eman zioten arte 10 bat egun pasa zirela, eta hori auzitara eraman zuen Aldundiak. Bergarako epaitegian fiskalak eta epaileak ez zuten deliturik antzeman. Baina, Aldundiak berriro eraman zuen auzitara, Donostiara. Horren ostean, akusazio partikularra, Aldundia, kasutik erretiratu zen, baina fiskalak aurrera egin zuen.
    
2008ko apirilean deklaratzera deitu zituzten, baina zigorrak 6 urtera artekoak izan daitezkeenez, kasua Audientzia Probintzialera pasatu dute. Bengoak ez du adierazpenik eman gura izan, eta Villarrek azaldu du guzti horren atzean Aldundiaren haserrea zegoela, Udalak "autobidearen aurrean jarrera aktiboa" izan zuelako.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak