2008ko azaroan egindako herri galdeketan parte hartutako eskoriatzarrek argi utzi zuten Mesedeetako Amaren zaharren egoitzarekin zer egin nahi zuten;%78,20ak aukera bera bozkatu zuen: zaharren egoitza bota, eraikin berria egin eta egoitza berriaren kudeaketa GSR enpresaren esku uztea; horrez gain, gaur egun dauden 32 tokiez gain beste 24 plaza sortuko ziren zerbitzu psikogeriatrikoetarako. Egoitza berria egiteko aurrekontua bi milioi euro inguru zen eta Aldundiak eta GSR enpresak erdibana ordainduko zuten.
Galdeketaren emaitza loteslea zen; hori horrela, herriaren erabakia osoko bilkuran berretsi zuten eta Eskoriatzako zaharren egoitza kudeatzen duen patronatuak ere gauza bera egin zuen.
Aldundiarekin desadostasunak
Egoitzaren etorkizuna erabakita zegoela zirudienean Diputazioarekin desadostasunak hasi ziren. Udal Gobernuak salatu zuen hasierako proiektuan aldaketa handiak egin zituela Foru Aldundiak. "Hasiera batean, sortu behar ziren 24 plaza berriak psikogeriatrikoak izan behar ziren; hau da, alzheimerra eta antzeko gaixotasunak zituzten adineko pertsonendako. Baina, Aldundiarekin bilerak hasi genituenean esan ziguten 24 plaza horiek, azkenean, buruko gaixotasun larria zutenendako izango zirela, eta gainera gehienak gazteak izango zirela. Hori ez zen Diputazioarekin adostu genuena", azaldu du Pedro Lasagabaster alkateak. Horrez gain, finantzazioarekin ere aldaketak planteatu zituen Diputazioak: "Egoitza berria egiteko proiektua Diputazioak eta GSR enpresak finantzatu behar zuten %100ean. Hor ere berehala etorri ziren aldaketak. Aldundiak esan zigun egoitza txukun bat egitea nahi bagenuen Udalak ere dirua ipini beharko zuela".
Aldaketa hauek ezagututa udal gobernuak batzar berezia deitu zuen udalbatza osatzen duten zinegotziekin; bertan bozketa egin ostean, erabaki zuten Diputazioarekin harremanak etetea eta egoitza berria eraiki beharrean, gaur egungoa eraberritzea. Egoiliar kopurua mantendu egingo dute eta kudeaketak patronatuaren ardura izaten jarraituko du. Udala dagoeneko arkitekto talde batekin lanean ari da gaur egungo eraikin nola zaharberritu aztertzeko. Alkateak azaldu du esperientzia askoko arkitektoak direla eta egoitza txukuna eta duina egingo dutela. Asmoa da udarako proiektua onartuta edukitzea; patronatuak ere onartu egin beharko du proiektu hori, berea da-eta azken hitza.
Zaharren egoitza eraberritzeko proiektuaren aurrekontua 600.000 euro da; patronatuak erdia ordainduko du eta beste 300.000 euroak Diputazioak jarriko ditu.
Patronatu munizipala
Udalbatzak, bestetik, zaharren egoitza kudeatzen duen patronatua munizipala izatea eskatu du. Gaur egun, patronatua parrokoak, Udal ordezkariek eta zenbait herritarrek osatzen dute. "Jose Aranak Eskoriatzako herriari eman zion egoitza eraikitzeko dirua. Uste dugu herria udalbatzak ordezkatzen duela, beraz, logikoena litzateke udalbatza osatzen duten alderdietako ordezkariek bakarrik osatzea patronatua", azaldu du Lasagabasterrek.
Galdeketaren emaitza
Eskoriatzako zaharren egoitzaren etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa egin zen 2008 azaroan. Hiru aukera eman zitzaizkien herritarrei. Lehenengoa zen egungo eraikina, bota barik, berritzea eta egoitzaren kudeaketa Udalaren esku geratzea. Bigarren aukerak ere eraikina berritzea proposatzen zuen, baina kasu honetan kudeaketa GSR enpresaren esku geratuko zen. Hirugarren aukerak, berriz, egungo eraikina bota eta berria egitea planteatzen zuen; kudeaketa GSR enpresaren esku geratuko litzateke eta 24 plaza psikogeriatriko berri sortuko lirateke.
3.475 biztanlek zuten bozka emateko eskubidea eta parte hartzea %19,54koa izan zen. Gehiengoak (%78,20) hirugarren aukeraren alde egin zuten.