Joan den astean aurreratu zuen GOIENKARIAk Itoitz Armendariz eskoriatzarrak eta Iker Ozkoidi nafarrak asteburuan Suedian egingo duten Munduko Mushing Txapelketan esku hartu behar dutela. Orduan, Suediako hegoaldean ziren Euskadi Dogs Team taldeko kideak, entrenatzen. Aste barruan, baina, iparraldera egin dute bidaia, txapelketa egingo duten lekura. Eta, txapelketaren aurkezpenean zegoela harrapatu dugu Eskoriatzakoa: "Aldizkarietatik ezagutzen ditugun lehiakideak daude hemen, oso jende ona; alde horretatik, gauza ederra izango da hemen lehiatzea. Hori bai, sekulako maila egongo da, eta ez genuke gurako barregarri geratu", esan digu, bromatan, Armendarizek: "Azken baten, hau Munduko Txapelketa da eta horregatik batzen da jende ona. Datorren astean Europako Txapelketa izango dugu Norvegian, eta, akaso, han ez da horrenbesteko mailarik izango".
Eguraldiaren arabera
Ozkoidi eta Armendariz dagoeneko ibili dira zirkuitua ezagutzen: "Oso zirkuitu polita da, ibilbideak bi malda ditu, baina eguraldia epeltzen hasi da, eta horrek goitik behera baldintza dezake lasterketa. Aurreko egunotan zero azpitik 16 gradu izan ditugu eta elurra ondo egon da, baina orain epeldu egin du, eta elurra bigundu egin da. Nik 12 kilometro inguru egin ditut zirkuituan zehar, eta Ikerrek gehixeago. Ea datozen egunotan berriro ere tenperaturak behera egin, eta gogortu egiten den elurra".