Aldaketa txiki batzuekin, baina gertu dituzte San Pedro jaiak

Iker Barandiaran 2007ko eka. 26a, 11:24
Eguenean hasiko dira herriko jai nagusiak, San Pedroak. Jendea jaiak hasteko gogotsu dago, eta Udaleko Kultura Batzordea lan eta lan ibili da egitarauko azkeneko aldaketei aurre egiten.

Aurtengo jaiek 69.356 euroko aurrekontua dute, iazkoa baino apur bat gehiago. Ekitaldi berriak batzen joaten diren arren, azken urteotako eskemari eutsi dio antolatzaileak, Udalak.

Dantza taldeak, bisa barik

Udaleko Kultura Batzordeak azken orduko arazo bat izan du. Burunditik (Afrika) eta Perutik Eskoriatzara etorri beharreko dantza taldeek ezin izan dute Europara etortzeko hegazkinik hartu, bisen arazoak direla eta. Arrazoi horregatik, Kultura Batzordeak azken unean hainbat aldaketa egin behar izan ditu: esaterako, hilaren 29an, Korrontzi taldeak kontzertua egingo du Gorosarri plazan, 23:15ean. Horrez gain, lerro hauek idazterako orduan Gorosarri plazan eguerdian egin beharreko emanaldia zehazten ziharduten udal arduradunek.

Korrontzi talde bizkaitarrak izen handia hartu du aspaldian. Agus Barandiaran eta Mikel Romero eskarmentudunek gidatutako taldeak trikitilari zaharrak omendu gura dituzte. Horretarako, folk eta musika tradizionala oinarri hartuta, euren kantuak idazten dihardute. Euskal Herrian zein kanpoan kontzertu asko egin izan dituzte, eta emanaldi oso biziak egiten dituzte. Are gehiago, askotan irudi eta proiekzioekin janzten dituzte zuzenekoak. Hala, trikitixa eta mandolina dira gidari, baina honako beste instrumentu hauek ere esku hartzen dute zuzenekoetan: gitarra, alboka, whistle, kajoia, baxua, bateria, txistua eta karamiloa, besteak beste.

Txosna gunea, Gernika plazan

Udala saiatu da txosna guneko ekitaldiak indartzen. Hala, bien artean, kontzertu egitarau dotorea prestatu dute. Egubakoitzean, 20:00etan, Barua Banda izango da, eta 23:30ean, Infernuko panpinak eta Des+karadas taldeek egingo dute emanaldia. Azken talde horrek ibilbide luzea dauka, runba, punka eta beste nahasten. Zapatuan, berriz, kontzertu erraldoia egingo dute: Keike, Une, Malenkonia eta Arianrod taldeak arituko dira. Hala, metala, pop-rocka eta heavy doinuak izango dira entzungai.

Bestalde, urtero moduan, Euskal Jaia, egun garrantzitsuenetakoa, izango da; eta aurten, gainera, kantu txapelketa egingo dute egun horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak