Aitzorrotz kultura elkartearen eguna ospatzeko, ekitaldi ugari

Iker Barandiaran 2008ko mai. 9a, 12:36
Egun osoko eta adin guztietarako ekitaldiak egingo dituzte zapatuan: umeen txokoa, kontzertu akustikoak, kalejirak, herri bazkaria.

Biharko, zapatua, Aitzorrotz kultura elkarteak egun berezia antolatu du. Elkarte horrek urte asko darama herrian lanean, eta azken bizpahiru urteotan ekintza asko egiten dituzte. Hala, zapatuan elkartearen eguna ospatuko dute. Elkartearen helburua da herriko kultura dinamizatzea eta euskarari bultzada ematea.


Egun osoko egitaraua
11:00etan txupinazoa jaurtiko dute egitarauarekin hasteko. Eta 12:00etarako herritarrek kalera irteteko gonbidapena izango dute, Eskoriatzako txistulariekin kalejira izango da-eta. 13:30ean, berriz, bertso poteoa egingo dute Andoni Otamendi eta Egoitz Alkortaren laguntzarekin; eta jarraian, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute plazan. Umeendako eta helduendako menuak prestatuko dituzte, 9 eta 15 eurotan hurrenez hurren. Helduek babajana izango dute; eta txikienek makarroiak eta oilaskoa. Txartelak salgai daude Inkernun, Gozo-Txikin eta Cipris tabernetan.

Ekitaldi nagusiak, 16:30ean
Bazkal ostean, ekitaldi nagusiak egingo dituzte: Andoni Otamendi eta Egoitz Alkorta bertsolariek emanaldia egingo dute; umeen txokoa jarriko dute; Aretxabalaletako dultzaineroekin kalejira izango da; eta Billabonako Lain eta Arrasateko ain_1 musika taldeek eta Iruñeako Fermin Balentzia bakarlariak kontzertua egingo dute.

Gauean, rock kontzertua
Gauean, berriz, rockaren txanda izango da. 22:30ean Inkernu tabernan bi talde izango dira: Eskoriatzako S-Covers talde berriak Dictators, Ramones, Gluecifer, Hertzainak eta Delirium Tremensen kantuak joko ditu; eta horren ostean, Berrizko Sei Urte taldeak hartuko du Inkernu tabernako agertokia. Sei urte taldeak ibilbide luzea dauka euskarazko pop-rocka egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak