Aitzorrotz kultura elkartearen eguna egingo dute zapatuan

Mirian Biteri 2010ko mai. 6a, 17:41
Aitzorrotz kultura elkartearen eguna ospatuko dute aurten ostera ere. Joan den urtean elkartea Inkernu tabernaren kudeaketa aldaketan murgilduta zegoen eta ezin izan zuen antolatu, baina, aurtengo egitaraua ikusita, esan genezake gogoz berreskuratu duela eguna. Ekimenak bihar hasiko dira, Inkernu tabernan egongo den kontzertu sorpresarekin. 21:00etan hasiko da. Egun potoloena, dena dela, zapatua izango da.

11:00etan, txistuen eta danbolinen doinuek hartuko dituzte herriko kaleak eta, ordu erdi geroago, mural margotze herrikoia eta kamiseta tailerra hasiko dira Herriko Plazan.
Jarraian, berrikuntza biren txanda iritsiko da: batetik, 12:00etan, sagardo eta talo eguna egingo dute, plazan. Hiru sagardo mota dastatu ahal izango dira.

13:00etan, berriz, bertsoek hartuko dute protagonismoa. Saio berezia gertatu dute elkartekoek; plazan dauden balkoitik balkoira egingo dena, hain justu ere. Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariek hartuko dute parte saio horretan. Bazkaltzera joan aurretik, bertso kopla poteoa egiteko astia ere izango dute.

100 lagun baba-janean

Herri bazkaririk ez da faltako aurten ere. Kultura elkartearen arabera, 100 lagun inguru batuko dira plazan babak jateko. Jarraian, bertso saioa eta magia erakustaldia egongo dira toki berean. Patxi Biribai mago ezaguna izango da; lehenengo, plazan bertan egingo du erakustaldia eta, gero, poteoan joango da, herriko koadrilei magia trukuak eginez eta giroa alaitzen.

Erromeria

Musikari dagokionez, aurten ez da rock kontzerturik izango. Horren ordez, Maixa, Ines eta Maitek zuzeneko erromeria eskainiko dute Inkernuko kanpoaldean. Eguerdiko babak jaisteko aukera ederra izango dute orduan eskoriatzarrek. Azkenik, festari amaiera emateko txupinazoa botako dute.

Aitzorrotz kultura elkarteak "egun ederra" pasatzeko gonbita egin nahi izan die eskoriatzar guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak