Aitzorock jaialdira doan sartzeko aukera, azaroan Aitzorrotz elkarteko bazkide eginez gero

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urr. 28a, 18:56
Aitzorrotz kultur elkarteak Aitzorock jaialdirako sarrera doan lortzeko aukera eskainiko du azaroan. Nola lor daitekeen? Bada, Aitzorrotz elkarteko bazkide eginda. Kultur elkarteko bazkide izateko hilero hamar euroko kuota ordaindu behar da. Diru horrek herriarendako ekintzak antolatzen dituen elkarteari aurrera ateratzen lagunduko dio eta bazkideek, trukean, elkarteak antolatzen dituen ekintza ezberdinetan deskontua eta bestelako abantailak jasoko dituzte.

Nola eman izena? Bi aukera daude: 943 250 398 telefonora deituta edo aitzorrotz_kultura@hotmail.com helbidera idatzita. Egun 100 bazkide baino gehiago ditu Aitzorrotz-ek eta Iñaki Kortazar elkarteko kideak adierazi duenez, ateak zabalik daude edonorendako. 

Jaialdirako sarrerak salgai
Aitzorock jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Kulturalive.com webgunean eta Eskoriatzako Goxo txiki, Aldatz eta Inkernu tabernetan eros daitezke, 13 eurotan. Baina Debagoieneko beste herrietan ere badaude: Aretxabaletan –Txiki bar eta Orly–, Arrasaten –Irati eta Ekaitz–, Bergaran –Herriko taberna– eta Oñatin –Aker–.
Lau taldek hartuko dute parte: Gatibu –disko berriaren aurkezpen kontzertua izango da–, Zea Mays, Amaiur eta Pastors of Muppets talde frantziarra. Kiroldegian, abenduaren 11n. 

Aitzorrotz elkartearen azaroko egitaraua

Bestalde, Aitzorrotz elkarteak aurkeztu du azaroko egitaraua. Hiru ekitaldi prestatu dituzte, erabat ezberdinak euren artean, eta aniztasuna ardatz dutenak. Hasteko, azaroaren 10ean, Gashembrung II mendatera egindako espedizioaren ikus-entzunezkoa emango dute kultur etxean (19:00). Hilaren 13an, bestalde, Surfin Kaos talde donostiarrak zuzeneko rock kontzertua emango du Inkernu tabernan (22:30). Taldearen disko berriaren aurkezpen kontzertua izango da. Eta azkenik, azaroaren 27an ardo dastatzea egingo dute da Herriko plazan, 18:30etik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak