Aisa ikastaroa, etorkinak euskarara hurbil daitezen

Iker Barandiaran 2008ko mar. 13a, 13:31
Ikasleek eskolengatik matrikula sinbolikoa bakarrik ordaindu beharko dute. Ikastaroaren helburua da etorkinak euskalduntze prozesura hurbiltzea.

Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalek elkarlanean Aisa ikastaroa antolatu dute, etorkinak euskarara hurbil daitezen.

Joan den urtean Eskoriatzako Udalak bakarrik antolatu zuen ikastaroa, baina aurten bi udalen artean egitea pentsatu dute. Ikastaro horretan HABEk egindako ikasmateriala erabiliko dute, eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako udal euskaltegietako irakasleek emango dituzte eskolak euskaltegietan.

Euskarari hurbildu
Ikastaroaren helburua da etorkinak euskarari eta Euskal Herriari hurbiltzea; eta horren bidez, euskalduntze prozesuan sartzeko bidea erraztea. Aisa ikastaroa 60 ordutan egingo dute, eta izena ematen dutenen arabera erabakiko dute zer egunetan, zer ordutegitan eta Eskoriatzan edo Aretxabaletan egitea. Hain zuzen ere, interesatuek apirilaren 4a aurretik eman beharko dute izena euren herriko kultura etxe edota gizarte zerbitzuetan.

Habek eta Udalak ordainduta
Ikas-materiala HABEk jarriko du, eta HABEren eta Udalaren artean ordainduko dute. Ikasleek, berriz, matrikula sinbolikoa bakarrik ordaindu beharko dute. Aurtengo matrikula oraindik ez dute zehaztu, baina iaz 10 euro ordaindu zuten bakarrik. Talde bat osatzeko, gutxienez sei lagun behar dituzte. Eta talde bat baino gehiago osatzeko jende nahikoa ez badago, aztertu beharko dute eskolak non eman, Eskoriatzan edo Aretxabaletan.

Hizkuntza etorkinak
Eskoriatzako Udaleko Euskara Zerbitzutik jakinarazi dute ikastaroak etorkinei zuzenduta daudela, baina horren barruan hizkuntza etorkinak ere sartzen direla. Hau da, Espainiako beste herrialdeetatik etorritakoak ere.  

aIaz Eskoriatzan 13 bat lagunek eman zuten izena. Horietatik gehienak marokoarrak eta portugaldarrak ziren; eta horiez gain, hegoamerikarrak eta kongoarrak ere ibili ziren.
Zoritxarrez, lan kontuengatik, askok kale egin zuten, baina bukaera arte jarraitu zuten lau ikasleetatik hiruk gaur egun euskaltegiko ohiko taldeetan euskara ikasten jarraitzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak