Alegazioak aurkeztu dizkiete Abiadura Handiko Trenaren lanei eskoriatzarrek. Udalak, lursailen jabeek eta hiru auzotako ordezkariek aurkeztu dituzte.
Epearen luzapen eske
Abuztuaren 27an bukatu zen AHTren lanei alegazioak aurkezteko epea. Opor sasoia izan arren, Eskoriatzako Udalak bilera egin zuen gaia aztertzeko. Pedro Lasagabaster alkateak halaxe azaldu digu: "Erabaki genuen alegazioa aurkeztea, eta bozeramaileen batzordeak eta alkateak sinatuta bidali dugu. Alderdi guztiek sinatutako idatzia izan da". Aipatutako idatzian, Udalak salatu du abuztuan zabaldu dutela alegazioendako epea eta eskatu du epe hori luzatzeko; ez hori bakarrik, proiektua behar bezala aztertzeko aukera emateko. "Guk eskaera egin dugu, baina alegazioen epea zabaldu aurretik, dagoeneko idatzia jasota geneukan Sustapen Ministeriotik epea ez zutela luzatuko esanaz", adierazi du alkateak.
62 jaberen lursailak
Marin, Zarimutz eta Mazmela elizateetako 137 lursailetatik pasatuko da AHT, Eskoriatzan. Guztira 62 jaberen lurrak ukituko ditu. Hori horrela, jabeek alegazioak aurkeztu dituzte eta elizateek ere bai, nork berea. Onbideko presidente Juan Carlos Belokik hauxe azaldu digu: "Elizate bakoitzak elkarte bat dauka, eta elkarte horrek, auzo alkateak eta Onbidek sinatuta joan dira alegazio horiek". Gainera, 40 bat alegazio zuzenean eroan zituzten gobernuaren azpiordezkaritzara, Donostiara, Onbideren izenean.
Mazmela eta Marin artean bost tunel eta hiru zubi egingo dituzte. "Azpiegiturak berak lur batzuk kenduko dizkigu, baina lanek askoz lur gehiagori eragingo diete, eta elizateendako izugarria izango da", azaldu du Belokik, eta jarraitu du: "Elizatearen eta baserritarren bideak erabiliko dituzte, zabortegiak egin –Mazmelan 4 milioi metro kubikokoa–, zarata jasan beharko dugu, basoetarako bideak moztuko dizkigute…" Horregatik, bide, iturri, baso eta gainerako guztien inbentarioa egin dezatela eskatu dute lanak hasi aurretik.
Irail erditik aurrera hasiko dira iristen alegazioen erantzunak, eta ondoren lurren desjabetzeak etorriko dira.