AHTren lanak direla eta, leherketak egiten hasiko dira laster

Mirian Biteri 2008ko irailaren 4a

Abiadura Handiko Trena eraikitzeko obrak direla eta, leherkarien erabilera baimentzen duen idatzia heldu zen abuztuaren 18an udaletxera. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzaren izenean dator idatzia.

Eskaeran, obra horietaz arduratzen den Excavaciones Viuda de Sainz enpresak jakinarazi du leherketak Eskoriatza eta Aramaio arteko tartean egingo direla; ez du, baina, zehazten non izango diren.

Sei hilabete iraungo zutela –kontuan hartuta idatzia abuztuaren 18an iritsi zela– eta urtarrilaren 29rako amaituta egon beharko luketela ere aipatzen du.

Eguneko 4.000 kilogramo gehienez

Leherketen gaineko datuak ere eskaini dira. Dinamita, riogel eta anfoseko 140.000 kilogramo, 140.000 metroko kordoi detonatzailea eta detonagailu elektriko eta ez elektrikoen 140.000 unitate erabiliko direla azaldu dute. Horrekin batera, eguneko gehiengo lehergaien kontsumoa 4.000 kilogramo izango dela dio enpresak.

Erantzunik ez

Leherketak egiteaz arduratu behar den enpresarekin harremanetan jartzen saiatu gara, lan horiek zehazki non egingo diren eta eremu horietako bizilagunak nola abisatuko dituzten jakiteko. Baina, ez dugu erantzunik jaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak