AHTren kontrako protesta Mazmelan. BIDEOA

Iker Barandiaran 2008ko uzt. 23a, 19:35
Gaur eguerdian sei lagun kateatu dira Eskoriatzako Mazmela auzoan Abiadura Handiko Treneko lanetan dauden hondeatzeko bi makinetan. Hiru ordu pasatxo egin dituzte lotuta, Ertzaintzak kateak apurtu dituen arte. Une baten tentsioa bizi izan da ertzantzaren eta bildutakoen artean. Kateatutakoak uztailaren 28an deitu dituzte Bergarako epaitegira.

Badira bi aste Abiadura Handiko Trenaren lanak ibarrera heldu zirela. Bada, gaur protesta egin dute Eskoriatzako Mazmela auzoan. Hala, AHTren kontra dauden Debagoieneko eta Debabarreneko sei lagun hondeatzeko bi makinetara lotu dira. Eguerdiko ordu batak jota izan da hori, hain justu langileak bazkaltzera joan direnean. Kateatu direnez gain, beste hainbat lagun bildu dira hondeatzeko makinen inguruan. 30 bat guztira. 14:00ak aldera, AHT egiten dabiltzan langileak bueltatu direnean ohartu dira hainbat lagun kateatuta zeudela, baina azalpenak entzun ostean alde egin dute lanetatik. Arratsaldeko hirurak jo aurretik, baina, ertzainen bi patruila igo dira makinak dauden lekura. Kateatuta zeudenak eta bildutako batzuk identifikatu dituzte, baina ez da tentsio unerik izan.

Hirurak pasatuta, berriz, ertzainak goiko hondeatzeko makinara kateatuta zeuden bi lagunen kateak moztu dituzte. Bide batez, jakinarazi diete datorren astelehenean, hilaren 28an, Bergarako epaitegira joateko, eguerdiko 13:00etan. Hirugarrena bertan lotuta gelditu da, lepoa lotuta zeukalako eta ezin zutelako askatu.

Horren ostean, ertzainetako batek eta makina inguruan zegoen gazte batek eztabaida izan dute, eta ertzainak borrarekin jo du gaztea belaunean. Une berean, beste ertzain batek kazetari bat bortizki heldu du argazkiak egiten galarazteko  eta ostean identifikazioa eskatu dio.

Ordutik giroa gehiago berotu da, baina zorionez gauzak ez dira urrunago joan. Jarraian beheko hondeatzeko makinetan lotuta zeuden bi lagun askatu dituzte.

Orduan bildutako lagunak eta kazetariak eremutik modu txarrez bidali dituzte. Azkenean suhiltzaileek lepotik lotuta zeuden bi gazteak askatu dituzte 17:30ean. Bertan protesta egiteko bildutako debagoiendar eta debabarrendarrek deialdi zabala egin dute hilaren 31n, San Inazio egunean, eguerdiko ordu batetan Kanpanzarren AHTren kontra egingo den elkarretaratzean parte hartzeko. Horren aurretik, gainera, mendi ibilaldia ere egingo dute.

Argazkiak

 

 

Created with Admarket's flickrSLiDR.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak