Adinekoen zaintzaileendako prestakuntza ikastaroak

Mirari Altube Arrese 2010ko mai. 24a, 14:29
'Zure nagusiak maite dituzunez hobeto zaintzen ikas ezazu' leloarekin adineko ezinduak zaintzen dituzten senideendako ikastaroa antolatu dute Matia Gerontologia Institutua Fundazioak, Ingema, eta Eskoriatzako Udalak elkarlanean. Ekainaren 7a eta 11 bitartean gai ezberdinen gaineko bost berbaldi egingo dituzte Ibarraundi museoan (15:00-17:00).

Berbaldi guztiak debalde dira baina izena aurrez eman behar dute interesatuek Udal Gizarte Zerbitzuetan (943 71 31 36). Gaurtik ekainaren 2ra bitartean egongo da zabalik izenemate epea –astelehenetik egubakoitzera, 09:00-13:30–.

Zaintza zelan hobetu

Gai guztiz ezberdinak landuko dituzte adinekoen senideendako antolatutako berbaldietan, ezintasunak dituztenen zaintzan alderdi askok eragiten dutela jakinik. Hala, Hurkoa fundazioko kideek lege eta etika kontuen gainean jardungo dute: ezintasunak dituztenen tutoretza; alderdi fiskalak; lanean eragina…

Laguntza teknikoak eskaintzen dituzten Icavi Bikain taldekoek, ostera, ezinduek behar dituzten zaintzen gainean jardungo dute: elikadura eta garbitasuna; lehen sorospenak; etxebizitzan egin beharreko aldaketak eta segurtasun neurriak…

Eskoriatzako osasun etxeko erizaina den Lourdes Etxebarriak menpeko adinekoen arazoen berri emango diete eta udal gizarte langile den Agurtzane Altubek menpeko horiei laguntzeko dauden baliabideak eta laguntzak gogoraraziko ditu.

Azken berbaldia Oskar Mondragon psikologoak eskainiko du eta zaintzaileak norbere burua zaintzearen garrantziaren gainean jardungo du: zaintzailea zaintzea, autoezagutza eta autozaintza. Horretarako ariketak eta teknikak erakutsiko ditu.

Egitaraua

Ekainak 7
Berbaldia: Ikuspegi legal eta etikoak
Hizlaria: HURKOA Fundazioa

Ekainak 8
Berbaldia: Osasun, erizaintza eta laguntza teknikoen ikuspegiak
Hizlaria:: ICAVI BIKAIN, laguntza teknikoak

Ekainak 9
Berbaldia: Menpeko pertsonen arazoak
Hizlaria: Lourdes Etxeberria (Osasun etxeko erizaina)

Ekainak 10
Berbaldia: Menpekoa bere ingurunean zaintzeko baliabide sozialak
Hizlaria: Agurtzane Altube (Udal gizarte langilea)

Ekainak 11
Berbaldia: Komunikazio eta erlaxapen teknikak
Hizlaria: Oskar Mondragon (Psikologoa)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak