Adinekoak zaintzen dituzten familiartekoei zuzendutako ikastaroak

Iker Barandiaran 2008ko mai. 29a, 14:39
Hainbat adituk bost ikastaro emango dituzte ekainaren 16tik 20ra bitartean. Interesatuek izena eman beharko dute ekainaren 11 aurretik Gizarte Zerbitzuetan.

Eskoriatzako Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Aldundiak elkarrekin Sendian programaren barruan dagoen ikastaro sorta antolatu dute. Ekainaren 16tik 20ra bitartean (biak barne) egingo dituzte Ibarraundi museoan, eta  mendekotasuna duten adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei zuzenduta daude. Ikastaroetan esku hartzeko, ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, interesatuek Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dute ekainaren 2tik 11ra bitartean 09:00etatik 13:30era bitartean; eguenean, berriz, goizez eta arratsaldez egongo dira, eta arratsaldeko ordutegia 14:30etik 17:00etara bitartekoa izango da.

Adituak familiei laguntzeko
Izenematea mugatuta dago, eta guztira 20 lagunek esku hartu ahal izango dute. Horregatik, komeni da interesatuak lehenbailehen apuntatzea. 
Ikastaroak 15:00etatik 17:00etara bitartean egingo dituzte, Zure nagusiak maite dituzunez hobeto zaintzen ikasi lelopean. Lehenean, ekainaren 16an, dependentzia daukan pertsona zelan zaindu, egoera bakoitzaren aurrean zelan jokatu eta beste aztertuko dute. Hizlariak Icavi elkarteko kideak izango dira.

Ekainaren 17an, berriz, Oskar Mondragon psikologoak erakutsiko die erlaxatzen, tentsioa eta antsietatea hobeto eramaten... Horretarako, hainbat aholku emango dizkie, eta erakutsiko dizkie arazo horiek ekiditeko hainbat teknika.
Hirugarren egunean, ekainaren 18an, herriko sendagile Gabriel Elorriagak gaixotasunen eta dependentzien oinarrizko ezaugarriak, sendakuntzak zelan egin, gaixoa zelan zaindu eta beste hainbat kontu azalduko ditu.

Aholkuak eta teknikak
Laugarren egunean, hilaren 19an, Hurkoa fundazioko kideek alderdi legal eta etikoak izango dituzte aztergai. Hala nola, dependentziak dituzten pertsonek erabakiak hartzeko dituzten esku- bideak edota eskubide horiek senitartekoek noiz ordezkatu ditzaketen eta zergatik.
 Azkeneko egunean, hilaren 20an, Eskoriatzako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun Beronika Solagurenek senitaterkoei deskribatuko dizkie Udaletik eta bestelako erakundeetatik zer laguntza jaso ditzaketen egoera bakoitzaren aurrean.

Beste hainbat jarduera
Ikastaro horiek Sendian programaren barruan kokatu dituzte. Hala, programa horren helburua da adineko mendeko pertsonak zaintzen dituztenei laguntza eta prestakuntza eskaintzea egiten duten lana modu egokian egin dezaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 83 udalerritan lantzen dihardu programa hori udaletako Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan. Programa horren barruan beste hainbat jarduera egiten dituzte: adibidez, laguntzarako taldeak sortzen dituzte, mendeko pertsonak zaintzen dituzten familien artean komunikazioa eta harremana lantzeko eta euren artean laguntzeko; behar duten familia zaintzaileei laguntza psikologikoa eskaintzen zaie; asteburuetako atseden programa zerbitzua ere abian dute, egoitza eta eguneko zentroak erabilita; eta dirulaguntzak ere ematen dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak