Abian dira Espainiako Estatuko Fondoarekin ordaindutako lanak

Mirian Biteri 2009ko api. 7a, 17:23
Espainiako Estatuko Fondoetako laguntzarekin egingo diren hamar proiektuetatik bi hasita daude. Are gehiago, Luis Ezeiza ikastetxeko su-detektagailua hobetzeko lanak dagoneko amaituta daude. Kulunkako haurtzaindegia eta Udal Liburutegiko teilatuak konpontzeko obrak ere hasita daude.

Pedro Lasagabasterrek jakinarazi duenez, Luis Ezeiza ikastetxeko su-detektagailua hobetzeko obrak amaituta daude. Zehazki, gas berogailuaren makina-gelan su eta eztanden aurkako sisteman atzemandako arazoak konpondu eta berokuntza instalazioa egungo legediari egokitzeko lanak egin ditu han Urko Mantenimiento enpresak. Bi egun behar izan ditu horretarako. Aurrekontua 2.755 euro izan da.


Horretaz gain, Kulunka haurtzaindegia eta Udal Liburutegiko teilatua konpontzen ere hasi dira. Debagoiena SL arduratzen ari da lan horietaz. Bi teilatu horietan dauden arazoak konpontzeko gutxieneko obrak egiten dihardute: estalki zelularra aldatzea, itoginak konpontzeko erretila egitea, erretenak eta zorrotenak aldatzea eta teilatura igotzeko tranpa-ohol berria jartzea. Hilabeteko epea dute hori guztiori egiteko; hain zuzen ere, 14.594 euro bideratuko dira.

Beste bost proiektu esleituta

Lasagabasterrek gaineratu du beste bost proiektu esleituta daudela dagoeneko. Horietako bi proiektu hemendik gutxira abian jarriko dituztela jakinarazi du; obretan jarri behar den kartelaren zain dago Udala.

Construcciones y Excavaciones Ferreira enpresak Lete eta Eraña elizate arteko bidean hormigoia botatzeko hilabeteko epea izango du eta aurrekontua 38.843 euro da.

Zarimutz elizateko Mendibe eta Urubil-Buruntzano baserrien arteko bidean hormigoia botatzeko, berriz, bi hilabete izango ditu Excavaciones Arrasatek. Azken egitasmo horretarako 41.149 euro bideratuko dira.

Lanen hasiera oraindik zehazteke badago ere, beste hiru proiektu esleitu dira azken asteotan. Ramel Albañeleria y Construccion enpresak Santa Ana kaleko 19. zenbakiko lehenengo solairuan dagoen udal etxebizitza birgaituko du; lau hilabete iraungo dute lanek. Zirkuitu elektrikoa, saneamendu eta iturgintza sistema eta arotzeria nahiz lurreko eta hormetako zoladura berritzeko 36.184 euro beharko dira.

Enpresa berak Txistularien arrateko parkineko autoendako sarrera inguruan plaketa hidraulikoa jarri eta hormigoizko hormetan murala egingo du. Goialdean, gainera, bukatu barik dagoen lorategia txukundu eta parkingeko sarreran segurtasun baranda jarriko du. Bi hilabete eta 20.556 euro izango ditu horretarako.

Esleitu den azken proiektua Erañako ur hornidura sarea bi hilabetez konpontzearena da. Excavaciones Arrasatek egingo du eta egitasmo horren aurrekontua 52.112 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak