6.121.916 euroko udal aurrekontua onartu dute

Iker Barandiaran 2008ko ots. 28a, 13:57
Ezker Abertzaleak bakarrik bozkatu du aurrekontuaren alde. Aurtengo aurrekontua iazkoa baino milioi bat euro txikiagoa da. Erabilera anitzeko aretoaren proiektua idatzi eta Ibarraundi ingurua hobetu egingo dute, besteak beste. Horrez gain, aurreratu dute 2009an arau subsidiarioak herritarrekin batera aldatuko dituztela.

Eguazten iluntzean onartu zituzten 2008ko udal aurrekontuak. Ezker Abertzalea izan zen aurrekontuen alde bozkatu zuen talde bakarra. EA, EAJ eta PSE abstenitu egin ziren, eta EB-Berdeak taldeak kontra bozkatu zuen. Elizateak taldeko ordezkaria, berriz, ez zen osoko bilkuran izan.

 

 

Sailak Kopuruak
Obra-Zerbitzuak
1.315.240
Ogasuna 1.140.040
Hirigintza 505.935
Kirola 439.938
Gizarte Ongizatea
391.129
Kultura 374.955
Hezkuntza 323.817
Elizateak
260.214
Museoa-Turismoa 253.430
Euskara 234.453
Gazteria 162.606
Sustapena 27.775
Telesko
94.784
Industrialdea 597.598
Guztira 6.121.916

 

EAko Karmelo Lezetak argitu zuen abstenitzeko arrazoia zela udal gobernuak behin eta berriro esan duela aurreko agintaldian EAk gauzak txarto egin zituela. EAJko Aitor Urrutiak, bere aldetik, jakinarazi zuen bera Ogasun batzordeko presidentea izan arren bere taldea abstenitu egin zela euren proposamenak kontuan hartu ez dituztelako. PSE-EEko Iñaki Pierrugesek ez zuen azalpenik eman, eta EB-Berdeak taldeko Juan Luis Merinok azaldu zuen ezezkoaren arrazoiak gerora emango dituela.
 
2007koak baino txikiagoak
Aurtengo aurrekontuak iazkoak baino txikiagoak dira, miloi bat euro inguruko aldea dute. Pedro Lasagabaster alkateak azpimarratu zuen aurtengoa "minimotako aurrekontua" dela San Juan kale eta Dorletako lanen zorrengatik baldintzatuta daudelako. "Aurten gerrikoa estutzen badugu, datorren urtean inbertsioak eta bestelako ekimenak egiteko moduan egongo gara".
 
Aurtengo inbertsio handiena erabilera anitzeko lokalarena izango da. Udalak eta Huhezik bat egin dute helburu horrekin, eta proiektua idazteko partida bat onartu dute. Asmoa da erabilera anitzeko lokala mojen zine zaharrean –gaztetxea ere izan zen eraikinean–, Santa Anan kokatzea.
 
Ibarraundi ingurua hobetu
Beste inbertsio garrantzitsu bat  San Pedro eta Ibarraundi arteko ingurua hobetzeko izango da. Asmoa zen 700.000 euroko gastua egitea, baina ez dute diru nahikorik, eta aurten lehenengo faseari bakarrik helduko diote: San Pedro auzotik Ibarraundi museora irteteko errepidea egitea, hain zuzen ere. Hortaz, gerorako utziko dute inguru horretan parke eta pasealeku bana egitea.  
Bestalde, elizateak ere aintzat hartu dituzte, eta horiendako adostutako diru partiden artean auzo elkarteendako gordetakoak nabarmendu daitezke: 60.000 bat euro bereiztu dituzte, Mazmelan eta Zarimutzen auzo lokalak egiteko aukerak izateko.

2009an, arau subsidiarioak
Pedro Lasagabaster alkateak aipatu zuen bere taldearen asmoa zela aurtengo aurrekontuak herritarren esku-hartzearekin prestatzea, baina azken orduan izan dituzten ezusteengatik ez dela posible izan. Hala ere, nabarmendu zuen 2009an arau subsidiarioak aldatuko dituztela eta herritarren esku-hartzea bultzatuko dutela bai arau subsidiarioak aldatzeko eta baita aurrekontuak prestatzeko ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak