Izan ere, hondakinen eta uren zergek beste irizpide batzuk jarraituko dituzte. Hondakinen gaineko zergak Debagoieneko Mankomunitatearen proposamenarekin batera igotzea adostu dute; zertxobait gehiago: %1,99. Uren tasak, berriz, Uren Partzuergoak Udalari egingo dion igoerarekin batera igoko die eskoriatzarrei, hau da, %4 inguru.
Bestalde, kirol instalakuntzetan abonua erosteko orduan erretiratuek orain arte izan duten deskontua kenduko dute. Orain arte Eskoriatzako eta Oñatiko Udalak izan dira deskontu hori mantendu duten bakarrak bailara osoan. Bada, erretiratuek pribilegio hori izateari utziko diote datorren urtetik aurrera.
Gaztañaduiko etxeak
Ordenantza fiskalez gain, beste erabaki garrantzitsu batzuk ere hartu ziren osokoan. Esaterako, Gaztañadui 27ko lokalak udal etxebizitza bihurtzeko behin-behineko kalifikazioa egitea onartu zuen udalbatzak, aho batez.
Azkenik, udal euskaltegian orain arte irakasle izan den Aitor Urrutia kargutik kentzea erabaki zuten. Osoko bilkuran jakinarazi zutenez, arrazoia izan da Urrutiaren asistentzia falta. Urrutiaren lekua Dorleta Lezetak hartuko du aurrerantzean.