Abendu erdian zabalduko dute etxebizitza tasatuen izenematea

Iker Barandiaran 2006ko aza. 24a, 09:47
Eguaztenean Eskoriatzako alkate Juan Carlos Bengoa izan zen GOITBko Debarri saioan. Ohikoa den moduan Alberto Gorritibereak aurkeztu zuen saioa, eta Bengoak Gorritiberearen eta herritarren galderak erantzun behar izan zituen.

Herritarren kezka nagusienetako bat da Santa Marina esparruan egin beharreko etxebizitza tasatuen proiektua. Alkateak jakinarazi zuen abenduaren erditik aurrera izenematea zabalduko dutela. Horretarako, bulego bat zabalduko dute herrian, interesatuei arreta emateko, hain zuzen ere. Bulego horrek hilabete egingo du zabalik eta herritarrek denbora epe hori izango dute apuntatzeko.

Horren harira, Bengoak azaldu zuen azkenean etxebizitza tasatuak 31 izango direla. Eta, are gehiago, lurzoruaren gaineko lege berria baliatuta, Udalaren asmoa dela etxebitzitza horiek betirako tasatuak izatea. Hau da, inoiz ezingo dira merkatu askean saldu.

Autobidea

Gaia aldatuta, autobidearen gainean ere galdetu zioten. Alkateak onartu zuen gai horrekin zenbait kasutan inpotentzia bizi izan duela, Udalak bitartekari lana egiten duelako. Lanei bukaerari dagokionez, Bengoak ez du uste 2008ko urtarrilerako bukatuko dituztenik. 2008ko ekaina da bere ustez data posibleagoa.

Gaztetxea geltoki zaharrera

Gazte batek gaztetxearen gainean galdetu zion. Horren aurrean azaldu zuen udal brigada dagoen lokala, hau da, geltoki zaharra, gaztetxe bihurtu gura dutela. Horren aurretik, baina, udal brigada, biltegia eta bestelako zerbitzuak zentralizatu gura dituzte. Hori guztia egiteko bizpahiru hilabete beharko dituztela jakinarazi zuen.

Hautagaitza, erabaki barik

Besteak beste, Gorritibereak galdetu zion ea 2007ko udal hauteskundeetan aurkeztuko den. Erabaki hori otsailerako hartuko duela jakinarazi zuen, eta badituela arrazoi dezente ezetza esateko. Hala ere, Eskoriatza berria egiteko lanak ere ilusioa pizten diola onartu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak