Udal tasa guztiek, urak eta zaborrak izan ezik, %3,7ko igoera izango dute

Iker Barandiaran 2006ko aza. 3a, 09:10
Atzoko, azaroak 2ko, osoko bilkuran udal tasen igoera, kreditu aldaketa eta Santa Marinako etxebizitzen gaineko ordenantza izan zuten berbagai.

Udal taldeak erabaki zuen tasa guztiak %3,27, KPIren parera, igotzea. Baina bi salbuespen egin zituzten: bata, zabor tasa; eta bestea, urari dagokiona. Zabor tasak %4,27ko igoera izango du, Mankomunitateak proposatutako tamaina berean. Mankomunitatearen eta udalen helburua da tasak parekatzea eta zerbitzu hori defizitarioa ez izatea. Uraren tasak, berriz, %6ko igoera izango du, kontsumoa pribatua denean. Industria, ostalaritza edo komertziorako bada, berriz, igoera %8,5ekoa izango da.

Kopuru hori, metro kubikoko %8,5 igoera egitea hain zuzen ere da Mankomunitateak Udalari aholkatu diona. Hala ere, Udalak erabaki du gurago duela aldea berak ordaintzea.

Horren harira, udal gobernuak azaldu du datorren urtean ur kontsumoaren gaineko azterketa sakona egin gura duela, eta bide batez gutxienezko kontsumo tasa ere berrikusiko duela.

Tasatuen izendapena betirako

Kreditu aldaketa batzuk ere onartu zituzten, eta horrez gain, Santa Marina esparruan egin beharreko etxebizitza tasatuak ere berbagai izan zituzten. Hala ere, lerro hauek idazterako orduan ez dakigu etxebizitza horien gaineko udal ordenantza erabakitzat eman zuten.

Udal gobernuaren helburua da etxebizitza tasatu horiekin espekulatzeko muga jartzea. Hain zuzen ere, onartu berri duten Lurraren gaineko Legeaz baliatuta, Udalak bultzatuko dituen etxebizitza horiek ezingo dira etorkizunean merkatu libreko prezioan saldu.

Bestalde, jakinarazi dute azaroaren bukaeran etxebizitzak eskuratzeko baldintzak eta izenemate-epea zabalduko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak