Gabonetako marrazkia eta orri-puntuak aukeratzeko lehiaketak abian

Gabonetako marrazkia egiteko lehiaketa Eskoriatzako eta Gatzagako umeendako da. Orri-puntuak aukeratzeko lehiaketaren saria 300 eurokoa da, eta edozeinek esku har dezake.

Gabonetako marrazki lehiaketa

Gabonetako marrazki lehiaketa

"Egin zure Gabonetako marrazkia" lelopean, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako 6 eta 12 urte bitarteko umeek esku har dezakete. Lagun bakoitzak marrazki bakarra aurkeztu ahal izango du, eta berdin izango du zer teknika erabiltzen duten. Baldintza bakarra izango da papera folio tamainakoa izatea.

Abenduaren 5a baino lehen

Lanak ludotekan edo bibliotekan aurkeztu beharko dira abenduaren 5a baino lehen, eta lan bakoitzaren atzealdean egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta e-posta jarri beharko dituzte.

Maila bakoitzeko partehartzaile guztien artean sari bana zozkatuko dute. Horrez gain, Gabonetan, aurkeztutako lan guztiekin erakusketa egingo dute kiroldegian. Zozketa irabazitako lanak, berriz, Gabonetako egitarauan ere argitaratuko dituzte.

Bibliotekako orri-puntuak

Honako hau, berriz, lehiaketa berria da. Urtero Udaleko Kultura Sailak eta Bibliotekak udal zerbitzu horretarako orri-puntuak erosten dituzte. Aurten, berriz, espresuki eginak izatea erabaki dute. Horretarako, lehiaketa antolatu dute. Edozein lagunek esku hartu ahal izango du inolako muga barik. Orri-puntuaren neurria 21 x 5,5 zentimetrokoa izan beharko da, eta teknika eta gaiak libreak izango dira. Lanak Bibliotekara eraman beharko dira azaroaren 30a baino lehen.

300 euroko saria

Orri-puntuak egilearen izen barik aurkeztu beharko dira, atzeko aldean lelo bat dutela. Lehiaketa horren irabazleak 300 euroko saria jasoko du. Lan hori Udalaren esku geldituko da eta horrek argitaratzeko eskubidea izango du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.