Luis Ezeiza gurasoen elkarteak mikologia jardunaldiak antolatu ditu astean. Elkarteak hainbat urte darama jardunaldi horiek egiten, eta oso harrera ona dute. Ekitaldiak atzo, eguena, hasi ziren. Amurrioko Cristobal Burgos perretxiko adituak gai horren gaineko diaporama egin zuen. Luis Ezeiza gurasoen elkarteko ordezkariek jakinarazi digute jardunaldien helburua dela "herritarrei aisialdirako aukerak ematea, ingurumena ezagutzeko bidea ematea eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremana indartzea". Modu berean, gurasoek azpimarratu zuten ekimen horiek guztiak herriko lagun guztiei zuzenduta daudela.
Perretxikoak batzera
Urtero moduan, bihar, zapatua, perretxikoak batzera joko dute Hiruerreketara. Han Deba ibaia jaiotzen den lekuan, Leintz Gatzagan, landaretza oso anitza dago eta horren ondorioz perretxiko mota asko hartzen dituzte. Joan den urtean, esaterako, ehundik gora espezie batu zituzten.
Hitzordua 09:00etan egin dute herriko plazan, eta handik ume eta helduak autoetan Hiruerreketara abiatuko dira.
Bazkal ordurako hirigunera bueltatuko dira eta jasotako guztia Luis Ezeiza eskolako jangelara eramango dute. Horren ostean, interesa duten guztiak 16:30ean batuko dira leku berean, jasotakoak klasifikatzeko.
Dastatze berezia
Jardunaldiak ondo bukatzeko, domekan bezperan jasotako perretxikoekin erakusketa egingo dute herriko plazan 11:00etatik 14:00etara bitartean. Horrez gain, egurrezko perretxikoak egiten dituen artisau bat eramango dute. Horrekin guztiarekin batera, Laudioko mikologia elkarteak perretxikoekin egindako hainbat jaki prestatuko ditu plazan.