Arlabango bidea egokitzea eta Bolibartik saihesbidera irteera egitea eskatu dute

Goiena 2006ko urr. 6a, 12:46
Udalak hainbat iradokizun bidali dizkio Aldundiari Gipuzkoako Errepideen Lurralde Planaren Aurrerapenean kontuan har ditzan. Iradokizun horiek Udaleko osoko bilkuraren onespena jaso zuten joan den astean egin zuten udal batzarrean.

Lehenik eta behin, Udalak eskatu dio Aldundiari Gipuzkoako Errepideen Lurralde Planaren Aurrerapena onartzerako orduan aurretik Arrasate eta Bergarako Lurraldeko Zatikako Planean hartutako erabakiak bere horretan uzteko; hain zuzen ere, Eskoriatzaren tramuari zegokion erabakiak ez aldatzeko. Hori izan zen lehenengo eskaera.

Arlabango bidea

Lurralde Zatikako Plan hori 2005eko apirilean onartu zuten, eta orduan Aldundiak, besteak beste, Eskoriatzan honako lanak egitea adostu zuen.

Udalak gurako luke Eskoriatza eta Arlaban arteko GI-627 errepidean, hau da, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga arteko tramuan hobetze lanak egitea. Udalaren esanetan, egunero errepide horretatik 6.500 ibilgailuetatik gora igarotzen dira, eta errepideak ez dauka halako ibilgailu kopuru handia jasateko gaitasunik.

Bolibartik saihesbidera

Udalak garrantzia handia ematen dio udalerriko errepidetan egin beharreko beste hobekuntza lan bati, Bolibarri dagokiona hain zuzen ere.

Bolibarko GI-3344 errepidea Eskoriatzako hirigunera irteten da. Hortaz, auzotik datorren zirkulazio guztiak herri barrutik igaro behar izaten du. Udalak argudiatu du Bolibarren baso-ustiapen handia dagoela, eta horren ondorioz kamioi asko ibiltzen direla gora eta behera. Horrez gain, jakitera eman dute elizate horren bidean 50 bat txalet egiten dabiltzala, eta horrek ere kamioi askoren zirkulazioa eragiten duela.

Horregatik guztiagatik Aldundiari eskatu diote Bolibartik saihesbidera irteteko errepidea egin dezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak